Ur hornidura arazoak saihesteko, presio haundiko hornidura sistema eginen da Lekarozen. Horretarako, Nafarroako Gobernuak bere ekarpena eginen du. 639.321 euroko aurrekontuari aitzin egiteko, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Departamentuaren 440.911 euroko laguntza izanen dute. Hala jakinarazi zuten uztailaren 4an Amelia Salanueva Toki Administrazioko Departamentuko kontseilariak eta Begoña Sanzberro Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuko kontseilariak Baztanera egindako bisitan. Arraiozko lanak ere inauguratu zituzten egun berean. 2007ko uholdeen ondotik egin diren saneamendu eta zoladura lanak, Artixoko errekan egindako kanalizazioa eta zeharbideko lanak bisitatu zitzuten.
Lekarozko presio haundiko hornidura sistema martxan paratzearekin batera, ura Iruritatik ekarriko dute, eta bertzeak bertze, 7.400 metro hodi jarriko dituzte. Lan horiek Presio Handiko Ur Horniduraren Plan Zuzentzailearen baitan, inguruko herri batzuetarako aurreikusita dagoen irtenbidearen barne daude. Hain zuzen, Irurita, Lekaroz (eta auzoak), Ziga, Zigaurre, Arraioz, eta Gartzain (eta auzoak) Iruritako ur baliabideekin hornitzea aurreikusia dago Plan Zuzentzailean.
Inbertsio horri Udalak 2005-2008ko Toki Azpiegituren Planaren bidez egin dituen gastuak eta 2007ko maiatzeko uholdeen ondorioz jasotako laguntzak gehituz gero, guztira 5,3 milioi eurokoa da inbertsioa. Toki Administrazioko Departamentuak 4,3 milioi euroko ekarpena eginen du.