Santiago Bideko erromesen aterpea eta herritarren batzartokia izanen da garai bateko Berroetako eskola

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 8a

TTIPI TTAPA

Uztailaren 5ean egin zuten eraikinaren inaugurazio ekitaldia

1934an eraikitako eta frontoiaren gainean dagoen eskola zaharra berriz ere zabalik dago larunbataz geroztik. 90. hamarkadan, gero eta haur guttiago zegoela-eta 1998an itxi egin zen eskola ume aski ez zegoelako. Hamar urte beranduago, ordea, eskolak emateko ez bada ere, ateak zabalik ditu eskolak. Santiago Bideko erromesentzako aterpea eta herritarren batzartokia izanen da. Halaxe jakinarazi zuten, larunbatean, hilak 5, egindako inaugurazio ekitaldian.

Baztango Udalaren, Nafarroako Gobernuaren, eta Baiona-Urdazubi-Baztango Santiago Bideko Lagunen Elkartearen ekimena izan da obra, eta Cederna-Garalur Elkartearen bitartez Europako laguntza ere jaso dute. Uztailaren 5eko inaugurazio ekitaldian Pepe Fernandez Santiago Bideko Lagunen Elkarteko zuzendaria, Luis Mari Ruiz idazkaria, Virginia Aleman Baztango alkatea eta Martin Garde zinegotzia; Juan Ramon Corpas eta Begoña Sanzberro kontseilariak, Urdazubiko alkate Santiago Cillares eta Baztango herrietako hainbat alkate eta herritarrak izan ziren.

Hiru zatitan

Hiru zatitan banatu dute eraikina. Alde batetik, Santiago Bideko erromesetzako aterpea izanen da. 16 lagunentzako tokia izanen du, zortzi litera, sukalde eta komunekin. Lanek 135.000 euroko gastua izan dute, eta horietatik 36.000 euro Leader Plus Europako programak bideratu ditu. Gainerakoa Udalak paratu du. Erromesei harrera egiten Berroetako Elisa arituko da. 4 euroren truke erromesek gaua pasatu ahal izanen dute bertan, beti ere erromesen txartela badute. Bertzetik, Berroetarrentzat batzartokia izanen du eraikinak, baita biltoki ttiki bat ere.

Aterpe gehiago

Santiago bidearekin segituz, orain Lantz eta Olagueko alkateekin bildu dira Santiago Bideko Lagunen Elkartekoak. Bi herri horietako batean hurrengo aterpea jartzea da helburua, Arrera bitartean aterpe gehiago zabaldu nahi baitira. Gainera Arren Orreagatik datorren bidearekin bat egiten du. Hala, Baionatik abiatu eta Iruñeraino oinez joaten ahal izanen da aterpez aterpe, Santiago Bidea eginez.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun