Sanjuan Egunean, Arizkungo bestetako egun nagusian, herriak Etxeberriko Jabier Larralde txistularia omendu zuen. Meza nagusiaren ondoren, mutildantzak izan behar zirenean, sorpresaz, Jabierri makila eta bere andre Angelesi lore sorta bat eman zieten Kotte Lizartzak, danbolin nagusiak, eta herriko alkatea eta omenduaren semea den Patxi Larraldek. Jabier Larralde herriz herri ezaguna dugu, bere lagun eta atabalari Juan Miguel Iriarte bezala. Bere bizitzan Baztango folklore mailan egin duen lana nabarmentzekoa da, kantak eta dantzak berreskuratuz, erakutsiz…Honen lekuko da Baztango Folklorea izenarekin argitaratu zuten diska bikoitza, Patxi semearekin batera. Bertan, mutildantzak eta jostaketa-dantzak edo irri-dantzak ageri dira.