Uztailaren 20an, igandearekin, Baztandarren Biltzarra besta haundia berriz ere ailegatuko zaigu, behin Sanferminetako bestondoa pasatuta. Urtero bezala, Elizondoko karrikak jendez, musikaz eta kolorez beteko dira.
Goizean, Pedro Axular karrikan artisauen erakustaldia dagoen bitartean, Etxe Zaharretik abiatu, eta herrian barna buelta emanen dute orgek, dantzari eta txarangaren laguntzarekin. Ibilbidean barna, ikusleen artean sakabanaturik egonen dira epai-mahaikideak, eta bazkalondoan,orga garailearen izena ezagutzerat emanen dute.
Arratsaldean, presoen aldeko manifestaldia izanen da, eta besta akitzeko plazan dantzaldia. Aipatu, tartean Baztandarren Biltzarreko tonbolako azken saria–1.560 euro– zozketatuko dela.