Berroetako erromesen aterpea inauguratua

TTIPI TTAPA 2008ko uztailaren 7a

Uztailaren 5ean inauguratu zuten Urdazubi eta Baztango Santiago Bideko lagunen elkarteak eta Berroetako Herriak, erromesendako izanen den aterpea. Frontoiaren gainekoaldean dagoen eraikuntza hiru zatitan dago banatua, Berroetak bere batzartokia baitu bertan, baita biltoki ttiki bat ere. Gainontzeko guztia erromesendako aterpea izanen da. Aterpeak 16 lagunendako tokia du eta 8 litera, sukalde eta komunekin. 2003ko uztailean elkarteak Berroeta edo Almandozen aterpea nahi zutela eskatu zioten Udalari. Berroetan orduan zegoen alkate Rafael Arretxeak eta zinegotzi Iñigo Iturraldek herrirako ona izaten ahal zela pentsatuz, aurrera egin zuten. Geroztik, bortz urte eman ditu elkarteak bide hau berreskuratzen: ermitak konpondu, bideak garbitu, zubiak moldatu, bertze aterpeak inauguratu –Amaiurkoa eta Urdazubikoa–, Urdazubiko monastegian museoa egin… Aurten gainera Nafarroako turismo saria jaso du elkarteak. Nafarroako Gobernuak bide hau bere eskaintza turistiko gisa ere aurkezten du. Baztango Udalak, bere aldetik, joan den martxoaren 27an sinatu zuen hitzarmena elkarte honekin, 20 urtez honen kudeaketa eramateko. Erromesei harrera egiteaz Berroetako Elisa arduratuko da. 4 euroren truke erromesek gaua pasatu ahal izanen dute bertan, beti ere erromesen txartela badute. Udalak bere gain hartu du aterpea berritzeko ardura, baita honen aurrekontua ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun