Larunbat honetan, uztailaren 5ean, eguerdiko 12etan Urdazubi eta Baztango Santiago Bideko lagunen elkarteak nola Berroetako Herriak, erromesendako izanen den Aterpea inauguratuko dute. Frontoiaren gaineko aldeko eraikuntza hiru zatitan dago banaturik, Berroetako herriak bere batzartokia baitu bertan, baita biltoki ttiki bat ere. Gainontzeko guztia Erromesendako aterpea izanen da. Aterpeak 16 lagunendako tokia du: 8 litera, sukalde eta komunekin.
Duela 5 urtetik aterpea egiteko lanean
2003ko uztailean Bide honetako elkarteko lagunak hurbildu ziren Baztango udalera Berroeta edo Almandozen aterpe jarri nahi zutela erranez. Berroetako orduko alkateak Rafael Arretxeak eta Iñigo Iturralde zinegotziak, herrirako arras ona izaten ahal zela pentsatuz, aitzinerat egin zuten. Santiago Bideko lagunen elkarteak bortz urte eman ditu bide hau berreskuratzen. Tartean ermitak konpondu dira, bideak garbitu, zubiak moldatu eta bertze aterpeak Amaiurkoa, Urdazubikoak inauguratu, Urdazubiko monastegian museoa egi… Aurten gainera Nafarroako Turismo saria jaso du elkarte honek. Horretaz aparte, gaur egun Nafarroako Gobernuak bide hau bere eskaintza turistiko gise leku guztietan aurkezten du. Baztango udalak, bertzetik, gan den martxoaren 27an sinatu zuen hitzarmena elkarte honekin, 20 urtez honen gestioa eramateko. Erromesei harrera egiten Berroetako Elisa arituko da. 4 euroren truke erromesek gaua pasatu ahal izanen dute bertan, beti ere erromesen txartela badute. Baztango udalak bere gain hartu du aterpea berritzeko ardura, baita honen aurrekontua ere. Botatze lanak auzolanean herritarrak egiten hasi zirenean, teilatue pipiez josia zegoela eta azkenean 135.000 euroko inbertsioa egin du Udalak aterpe honetan. Horietatik Europatik iritsitakoa, Cederna-Garalurren bidez 36.000 euro izan dira.
1934ko eraikina
1934an egin zen Berroetako frontoia eta gainean zegoen eskola zaharra. Eskola izateaz gain, maistruarendako bizitokia izaten zen, baita mediku kontsulta ere. Eskola unitarioa zen, neska eta mutikoak elkarrekin aritzen ziren. Hainbat maistru leku aunitzetik etorriak, 50 haur aldi berean ere ikasten aritu ziren. Baino 90. hamarkadan, gero eta haur guttiago zeuden eta eskola 1998an itxi zen ume aski ez zagoelakotz. Sekulako pena hartu zuten herritarrek herri bat haurrik gabe ez baita deus. Egun, inoiz baino haur gehiago baldin badago ere eskolarik ez dago. Hortaz aterpearen berria, arras berri ona izan da.
Lantz edo Olaguen bertze aterpea
Santiago bidearekin segituz, orain Lantz eta Olagueko alkateekin bildu dira elkartekoak. Bi herri horietako batean hurrengo aterpea jartzeko. Azkena, Arrekoa izanen litzake baino honekin ez dago arazorik hau egina baitago. Gainera Arren Orreagatik datorren bidearekin bat egiten du. Holaxe ba Baionatik abiatu eta Iruñeraino oinez gaten ahal zara aterpez aterpe, Santiago bidea eginez.