Baztandarra kooperatibak urte hasieran bere gasnategia martxan paratu zuen. Milioi euroko aurrekontuarekin (Gobernuak 266.513 euro eman ditu) kooperatibaren asmoak argia ikusi zuen eta momentuz, merkatua Hego Euskal Herrira eta Errioxara zabaldu badute ere, etorkizunean estaturat zabaldu nahi dute. Hain zuzen, hilaren 6an inauguratu zen ofizialki gasnategia. Ingurumen eta Landa Garapen kontseilaria den Begoña Sanzberro almandoztarra, Udaleko zinegotziak, kooperatibako agintariak, gonbidatuak, eta inportanteenak, artzain eta nekazariak izan ziren ekitaldian. Arizkungo apaizaren bedeinkapenarekin, Patxi Larralde txistularia eta Iban Dufurrenaren aurreskuarekin, inauguratutzat eman zen gasnategia.