NaBairen aldeko sei botorekin —Santiago Aldako jarduneko alkatearen kalitateko botoa tartean— eta UPNren kontrako bertze seirekin onartu zen ekainaren 16an 2008rako aurrekontua. 14.470.730 euroko aurrekontua izanen du aurten Udalak. Eginen diren inbertsioen artean, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdirentzat izanen den espazio eszeniko bat egitea aurreikusi dute. Horrek eta Francisco Joaquin de Iriarte zaharren egoitzarako onartutako gastuak eragin du UPNren kontrako botoa.
Espazio eszeniko horren proiektua egiteko 222.000 euro bideratuko dira aurten. Antza, auditorio bat izanen du, 400 jarleku baino gehiagorekin.
Aurrekontu horrez gain, Baztan Ikastolara aparteko 576.943,18 euro bideratuko dira eta Francisco Joaquin de Iriarte zaharren egoitzara 1.973.299 euro. Gainerakoan, 14,5 milioi euroko kopurutik zati haundi bat azpiegitura lanetarako izanen da: 2,5 milioi euro Arizkun, Erratzu eta Oronoz-Mugairin eginen diren azpiegitura obretarako. Saneamendu, hornidura eta zolatze-lanen gastuaren %62a Gobernuak bere gain hartuko du. Giltxaurdi futbol-zelaiko lanetarako 1,2 milioi euro bideratuko dira; Lekarozko ur hornidurarako 610.000 euro; Baztan pilotalekuko lanetan 450.000 euro; pista eta bideetan 420.000 euro eta errekaren saneamenduan eta uraren kanalizazioan 288.400 euro.