NaBairen aldeko sei botoekin —Santiago Aldako jarduneko alkatearen kalitateko botoa tartean— eta UPNren kontrako bertze seirekin onartu zen ekainaren 16an 2008rako aurrekontua. 14.470.730 euroko aurrekontua izanen du aurten Baztango Udalak. Eginen diren inbertsioen artean, Baztan, Urdazubi eta Zugarramurdirentzat izanen den espazio eszeniko bat egitea aurreikusi dute. Hain zuzen, horrek eta Francisco Joaquin de Iriarte zaharren egoitzarako onartutako gastuak eragin du UPNren kontrako botoa.
Espazio eszenikorako 220.000 euro
Espazio eszeniko horren proiektua egiteko 222.000 euro bideratuko dira aurten. Oraindik non eginen den zehaztu ez badute ere, auditorio bat izanen du, 400 jarleku baino gehiagorekin. Eraikitzeko lanak hurrengo urtean hastea espero dute. Udal ordezkarien arabera, 2 milioi euro inguruko inbertsioa izanen da, eta Nafarroako Gobernuak egitasmoaren %75a subentzionatuko luke. Musika Eskola bertan eginen litzatekeela ere iragarri du Udalak. Proposamenen tartean, NaBai taldeak liburutegi-ludoteka publiko berria egiteko asmoa ere luzatu du.
Ikastola eta Zaharren Egoitza
Aurrekontu horrez gain, Baztan Ikastolara aparteko 576.943,18 euro bideratuko dira eta Francisco Joaquin de Iriarte zaharren egoitzara 1.973.299 euro.
Azpiegitura lanak
Gainerakoan, 14,5 milioi euroko kopurutik zati haundi bat azpiegitura lanetarako izanen da: 2,5 milioi euro Arizkun, Erratzu eta Oronoz-Mugairin eginen diren azpiegitura obretarako. Saneamendu, hornidura eta zolatze-lanen gastuaren %62a Gobernuak bere gain hartuko du. Giltxaurdi futbol-zelaiko aldageletarako eta soropil artifiziala paratzeko 1,2 milioi euro bideratuko dira; Lekarozko ur hornidurarako 610.000 euro; Baztan pilotalekuko lanetan 450.000 euro joanen dira; pista eta bideetan 420.000 euro eta errekaren saneamenduan eta uraren kanalizazioan 288.400 euro.