Gaztetxoen kulturarteko topaketa antolatu du Bidelagun elkarteak

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 19a

Abuztuaren 29tik 31ra Lekarozko Aterpean

Kulturarteko Elkarrizketaren Urtea ospatzen ari da aurten Europan. Ospakizun horren harira, Bidelagun elkarteak gaztetxoen kulturarteko topaketa antolatu du Lekarozko Aterpean, abuztuaren 29tik 31ra. Hamabi eta hamasei urteko neska-mutikoek parte hartzen ahal dute eta horretarako, 948 581327 edo 679 435174 telefonoetara deitu behar dute ekainaren 30a baino lehen. 30 euro ordaindu beharko dira. Talde mugatua izanen da, 20 lagun gehienez eta taldea gidatzeko monitoreak izanen dira.

Elkar ezagutzea helburu

Topaketa honen helburu nagusia, gure inguruan bizi diren nerabeak elkar ezagutzea eta lagun egitea da, egun batzuz bederen, beraien jatorria atzenduta. Honetaz gain, tailer eta jarduera ezberdinen bitartez, herritarrak kultur elkartrukearen aberastasunaz sentsibilizatu nahi dira. Azkenik, kulturen arteko antzekotasunak bilatu eta ezberdintasunak ezagutu, errespetatu eta baloratu nahi dira.

Hainbat ekintza

Horretarako hainbat ekintza izanen dituzte gaztetxoek: dinamikak, kometa lantegiak, jokoak, zinemaforum, Disney gaua, graffitiak eta ongi akitzeko, zapore besta, kulturarteko bazkariarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun