Udako Euskal Unibertsitatearen (UEU) eta Aranzadi Zientzi Elkartearen ekimenez, Amaiurko eta Nafarroako Erresumako gazteluak ezagutzeko ikastaroa eginen da Amaiurren. Alde teorikoa eta praktikoa izanen ditu ikastaroak, eta uztailaren 30ean emanen zaio hasiera. Abuztuaren 2ra bitarte, eta abuztuaren 10ean alde teorikoa landuko da eta abuztuaren 2tik 14ra alde praktikoa.
Alde teorikoa
Nafarroako Erdi Aroan gazteluak ezinbertzeko aztarnategiak dira eta Amaiur horietako bat da. Hala, ikastaro honen helburua garai hartako historia eta gazteluen ezagutza ezagutaraztea izanen da. Hauek izanen dira alde teorikoan landuko dituzten gaiak: Nafarroako Erresumaren historia; kultur ondare materiala; Nafarroako gazteluak; ondare inmateriala eta gazteluaren sinbologia eta arkeologiaren hastapenak.
Alde praktikoa
Ikastaroaren bigarren zatia abuztuaren 2tik 14ra eginen da. Indusketa arkeologikoak egiteko aukera izanen da Aranzadi Zientzia Elkarteko Juantxo Agirre eta Eneko Iriarteren zuzendaritzapean. Hirugarren eta azken zatian Aranzadiko Mikel Errazkinek koordinatuko dituen lan tutorizatuak eginen dira. Hainbat arlotako talde-lana izanen da eta abuztuaren 11tik 14ra eginen da.
Izen ematea uztailaren 15a bitarte
Kultur ondarearekin eta arkeologiarekin zerikusia duten gaietako ikasle, profesional edo zaletasuna duen orori zuzendu diote ikastaroa, eta dagoeneko zabalik dago matrikula egiteko epea. Uztailaren 15ean bukatuko da eta 200 euro ordaindu beharko dira horretarako. Ostatua prezio horren barne dago eta 16 ikasle onartuko dira. Halere, UEU eta Aranzadiko kide direnek %15eko deskontua izanen dute. Informazio gehiago jasotzeko: www.ueu.org edo www.aranzadi-zientzia.org Ikastaroa egindakoan UEUren eta Aranzadiren artean egindako ziurtagiria emanen da. Euskal Herriko Unibertsitateko kreditu askeko sisteman ere onartua dago.