57 eragilek eskuratu dute Bai Euskarazi Ziurtagiria Baztanen

Utzitako argazkiak 2008ko ekainaren 17a

Larunbatean, ekainaren 14an, banatu ziren

57 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek eskuratu dute aurten Bai Euskarari Ziurtagiria Baztanen. Horietatik 6k ‘Zerbitzua eta lana euskaraz’ maila lortu dute; 23k “Zerbitzua euskaraz” maila; eta 28k “Bidean” maila. Orain dela bost urte eman zioten hasiera Baztanen euskararen normalizaziorako Bai Euskarari Akordioari. Orduz geroztik urrats esanguratsuak eman dituzte. Horrelaxe adierazi zuen Xabier Mendiguren Ziurtagiriaren Elkarteko bokalak larunbatean, ekainaren 24an, Elizondon egin zen Ziurtagiriaren banaketa ekitaldian.

Normalizazioaren bidean urratsak

Martin Garde, Elizondoko euskara zinegotzia; Maria Mendiburu Baztan ikastolako irakaslea eta euskalgintzako ordezkaria; eta Eva Olaizola Elizondoko Gaztetxeko kidea eta eragilea ere ekitaldian izan ziren. Haiek ere euskararen normalizazioaren bidean urratsak ematen segitzeko beharra azpimarratu zuten. Bai Euskarari Ziurtagiria lortu duten entitateak zoriondu zituen Mendiburuk eta jarduera erabat euskaraz egitera animatu zituen Gardek. Olaizolak berriz, Elizondoko Gaztetxean Bai Euskarari Ziurtagiriarekin bizi izandako esperientzia kontatu zuen.

Bai Euskarari Ziurtagiria gorako bidean

Euskal Herri osoko 1.520 enpresa, saltoki eta era guztietako entitatek baino gehiagok eskuratu dute dagoeneko Bai Euskarari Ziurtagiria. Arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragiteko proiektu estrategikoa da; profesionala, independentea, gertukoa eta euskararen normalizazioa helburu duena. Bai Euskarari Ziurtagiriak 8 urteko esperientzia dauka; ibilbide luze eta oparoa egin du. Ibilbide horretan, orain dela urtebete urrats garrantzitsua eman zuen Ziurtagiriak. Izan ere, zazpi urteren buruan lortu zuen arrakasta ikusita, Kontseiluaren ekimenez Ziurtagiriaren Elkartea sortu zen Ziurtagiriaren kudeaketaz arduratzeko. Aurten beraz, Kontseiluak ez, baizik eta Ziurtagiriaren Elkarteak banatu ditu Baztango Ziurtagiriak lehen aldiz. Xabier Mendiguren Ziurtagiriaren Elkarteko bokalak azaldu duenez, zortzi urtetan metatutako esperientziari esker etengabe hobetuz joan da Ziurtagiria bera.

‘Bai Euskarari’-tik ‘Euskaraz Bai’-era

Aurten “Euskaraz bai astea”-ren barnean txertatu da Bai Euskarari Ziurtagiriaren banaketa ekitaldia. Izan ere, Bai Euskarari Ziurtagiria sortu zuen Kontseiluak 10 urte bete ditu eta hain ezaguna den ‘Bai Euskarari’ lemari bultzada berri bat eman nahi izan diote. Hemendik aurrera, ‘Euskaraz bai’ izango da lema berria. Ez da nahikoa euskararen aldeko izatea, euskarak hiztunak behar ditu, erabiliko eta ikasiko duten pertsonak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun