Baztandarra Kooperatibak Arizkungo Ordoki industrialdean daukan gasnategi berria ofizialki inauguratu zuen joan den ortziralean, ekainaren 6an. Duela hilabete batzuk merkaaturatzen hasi zen “Baztangoa” markako gasna eta proiektu berri honekin, ardiak dituzten abeltzain baztandarrek urrats bat gehiago eman nahi dute, bizimodu honek bizirautea segurtatzeko alde batetik eta merkatuan dagoen kalitate handiko ardi-gasna eskariari erantzuteko, bertzetik. Halaxe adierazi zuen Xabier Ripa gerenteak ekitaldian.
Milioi bateko inbertsioa
Joan den ortziraleko inaugurazioan Begoña Sanzberro izan zen, Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurumen kontseilaria, baita Baztango Udaleko hainbat hautetsi ere. Kooperatibako bazkide diren artzainendako ere besta eguna izan zen eta instalazio berriak ezagutzera hurbildu ziren. Baztandarra Kooperatibaren azpiegitura berri hau egiteko milioi bat euro inguruko behar izan da. 888.379 euroko inbertsio zati handienaren gain Nafarroako Gobernuak 266.513 euroko dirulaguntza eman du.
85.000 kilo gasnara ailegatzeko asmoa
Baztango abeltzainek bultzatutako gasnategi berriak 900 metro koadro hartzen ditu eta kooperatibako bazkide diren 43 artzainek eramaten duten esne guzia lantzeko ahalmena dauka. Lehenbiziko urtean 20.000 kilo gasna eginen dituzte, baina etorkizun hurbilean produkzioa handitzeko asmoa dute. Latxa ardiaren 650.000 litro esne erabiltzen dituzte, azaro hondarretik irail erdiraldera arte eta urtean 85.000 kilo gasna egitera ailegatzea espero dute.
Produkzioa astean bitan
Produkzioa astean bitan egiten da, astearte eta ortzegunetan. Esnea zuzenean gasnategira ailegatzen da eta segidan lantzen hasten dira. Horregatik, kontserbanterik ez dutela erabili beharrik azpimarratu dute. Oraingoz, “Baztangoa” gasna Euskal Herrian eta Errioxan eskura daiteke, baina estatu osora hedatzeko asmoa dute, Bartzelonatik hasiz.
Baztandarra Kooperatibaren historia
Baztandarra Kooperatiba duela 31 urte, 1977an sortu zen Erratzun, abeltzainei lehengaiak, artoa, luzerna garagarra edo ongarriak erosteko erraztasunak emateko. 1982an Erratzutik Arizkunera pasatu zen kooperatibaren egoitza, gaur egun dagoen lekura. 1999an pentsu fabrika eraiki zen eta denda eta farmazia ireki ziren, bazkideei zerbitzu osoa eman asmoz. Gasoila eta ongarriak ere saltzen ditu. 2007an gasnategi berria eraikitzen hasi ziren eta “Baztangoa” sortu zuten. 2008ko ilbeltzean gasna komerzializatzen hasi ziren.