Oaia Perurenaren margo erakusketa asteazken arratsaldean inauguratuko da Elizondon

Goizalde URDANPILLETA 2008ko ekainaren 11

Oaia Perurenaren lanak ikusgai daude Arizkunenean. TTIPI TTAPA

Margolari beratarraren lanak ekainaren 28a arte ikusgai izanen dira Arizkunenean

Oaia Perurena beratar gazteak bere margo erakusketa zabaldu du Elizondoko Arizkunenea kultur etxean. Dena dela, eta nahiz eta erakusketa asteartean zabaldu, inaugurazio ekitaldia, asteazkenean, ekainaren 11ean arratsaldeko 19:00etan egin da.

Juan Larramendirekin hasia

Beratar margolariak txikitandik izan du margotzeko zaletasuna eta lehen pausuak Juantxo Larramendirekin eman zituen. Garai horretakoa da bere lehen margoa, gehienbat kopiak egiten zituzten garai horretan. Margolari inpresionistak gogoko ditu eta bat aukeratzekotan, Cezanne aipatzen du. Urte guzti hauetan hainbat erakusketa jarri ditu, Bera, Elizondo edota Donostian.

Natura eta bodegoiak

Natura margotzea eta bodegoiak egitea maite du eta Elizondoko Arizkunenea kultur etxean ikus daitekeen erakusketan bere lanak gela ezberdinetan banatuak daude. Bertan ere, margolariak izan duen garapena nabari da. Cies irlak, Amaiur, Bera.,..hainbat dira xokoak eta paisaiak eta bertze hainbat ere bere inguruan sortutako bizipenak. Zaletasun handia du eta aunitzetan nahi baina asti guttiago eskaintzen ahal dio margotzeari, baina hala ere, odolean darama eta ezin du luzaroan alde batera utzi.

Ekainaren 28a arte

Ekainaren 28 arte ikus daitezke bere lanak, astelehenetik larunbatera arratsaldeko 18etatik 20:30era. Dena dela, bere lana eta margolaria bera ezagutzeko aukera izanen da ekainaren 20an eskainiko dugun erreportajean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun