Eskubaloian Nafarroako Kopako txapel bat Baztanen da. Maiatzaren 24an jokatu ziren kopako txapelketako finalak, lau kategoriatan eta bakarrean zegoen eskualdeko ordezkaria. Jubenil mailako nesken kategorian, Baztango Kirol Taldea eta Barañaingo Lagunak izan ziren aurrez aurre eta Baztango neskek garaipena lortu zuten, 29 eta 21 irabazita.
Talde honek itxura ederra eman zuen joan den denboraldian ere. Jokalari gehienak lehenbiziko urtea izanik kategorian ligan hirugarrenak izan ziren. Taldeak hobera egin du denboraldi honetan eta ia liga irabaztea lortu zuten. Azkenean azpitxapeldun izan ziren. Ligaren ondotik, denboraldiko azken hilabeteotan kopa jokatu dute. Portaeragatik eta egindako lanarengatik merezi zuten titulua lortzeko aukera zuen taldeak, nahiz eta bidea zaila izan. Itzuli bakarreko ligaxka jokatu behar zuten taldeek eta bi lehenbizikoek bakarrik zuten finalera zuzenean sartzeko modua. Halere, itxura ederra eman zuten ligaxka horretan eta partida bakar bat ere galdu gabe lortu zuten finalerako sailkatzea. Neska gehienek heldu den urtean senior mailara salto eginen dutela kontuan hartuz, gazte mailako titulua lortzeko azken aukera zen talde kide aunitzentzat.
Ordura bitarte egindako ibilbidean bezalaxe, gogoz eta indarrez aritu ziren finalean finalean, defentsan eta atezaintzan lan bikaina eginez eta kontraerasoan ezin hobe moldatuz.
Burlatako David Neira Carrasco entrenatzailearen erranetara, 13 neskek osatu dute aurten jubenil mailako Baztango Kirol Taldea.