Lekarozko Kolegioaren egoerak eta etorkizunak hizpide izaten segitzen du oraindik ere. Maiatzaren 28an Nafarroako Parlamentuko hainbat legebiltzarkide izan ziren bisitan, eta eraikinaren egoera eurek espero baino okerragoa zela ohartarazi zuten. Zehazki Kultura eta Turismo batzordeetako kideak eta zenbait tekniko izan ziren Baztanera hurbildu zirenak, Patxi Telletxea NaBaiko legebiltzarkidearen ekimenez. Buruko kaskoa soinean eraikina ikusi ondoren, Patxi Telletxeak Kolegioaren etorkizuna zalantzan paratu zuen: «teknikoek erabakiko dute, baina lehen begiratuan botatzeak bideragarriagoa ematen du guztia konpontzeak baino, zaharberritzeak gastu ikaragarria ekarriko bailuke». Bertze batzuek, aldiz, eraikin osoa eraberritu beharrean, zatirik garrantzitsuena konpontzea proposatu zuten. Argazkian legebiltzarkideak ageri dira Kolegiora egindako bisitan.