Udako belagietara sartu dira Baztango behi aziendak

TTIPI TTAPA 2008ko ekainaren 4a

Baztango behiak Belate, Erdiz eta Lizartzun sartu dira. TTIPI TTAPA

Maiatzaren 31n sartu ziren, BB marka paratu eta gero

Baztango 700 bat behi azienda buruk Belate, Erdiz eta Lizartzuko herrilurretan sartu ziren larunbatean, maiatzaren 31n, eta bertan bazkatzeko aukera izanen dute uda sasoian, irailaren 21a arte. Normalean, denboraldia ekainaren 1etik irailaren 29ra, San Migel egunera izaten da. Baina aurten, ekainaren 1a igandea zenez, egun bat aitzineratu zen. Atera ere, normalean baino astebete lehenago atera beharko dute aziendek herri lurretatik.

Aurten BB marka

Zehazki, Erdizko belagietan 300 azienda buru sartzen dira; Belaten zerbait guttiago eta oraindik azienda guttiago sartzen dira berriki sortu den Lizartzuko luberrian. Larunbatean eguraldi euritsua izan zuten Baztango mendietan, baina urtero bezala, Balleko udaleko guardek eta mendiko langileek Baztan Bailarako marka, BB, sutan ezarri zieten aziendei.

Prezio ezberdinak

Aziendak Baztango herri ezberdinetatik joaten dira herri lurretara: Erdizera Irurita, Gartzain, Lekaroz eta Elizondotik; Belatera Almandoz, Berroeta eta baita Amaiurtik ere. Abeltzain gehienek kamioiekin eramaten dituzte, baina oraindik badira mendiz mendi hurbiltzen dituztenak ere. Batzuk arazoak izan zituzten aziendak markatzeko, Belatera ailegatu orduko mendira eskapatu baitziren. Kasu honetan, ekainaren 10erako berriz ere bildu egin beharko dituzte abeltzainek eta marka paratzen den lekura eraman. Aziendak bazkatzearen truke prezio ezberdinak ordaindu behar dituzte abeltzainek: behien truke 28 euro; bigantxen truke 23,99 euro eta aretxeen truke ez dute deus ordaindu beharrik. Belate eta Erdizen, belarra ez ezik, ura ere badute aziendek. Iraila ailegatzen denean, behi aziendek belagiak utzi beharko dituzte eta ardi eta zaldi aziendei lekua utzi. Abeltzainei lana errazteko, aziendak sartu baino astebete lehenago norbere esplotazioetan ere markatzen dira aziendak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun