Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuak onartu du Irurita eta Elbete arteko saihesbidearen behin-behineko proiektua. Behin-behineko onespena da oraingoz, jendaurrean ikusgai paratua baita kaltetuek ikus dezaten. Halere, trazatua behin betikoa da.
5,8 kilometro
Proiektu berri horren arabera, bide berriak 5,8 kilometro izanen ditu, eta Irurita iparraldetik hasiko da eta Elbeten bukatu. Hor eginen du gaur egungo bidearekin lotura. Zehazki, Arraiozko saihesbidea pasatuta hasiko da trazatu berria, Artesiagako erreka zeharkatuko du segidan, NA-4405 errepidearen gainetik gurutzatuko du egungo N-121B Oharrizekin lotzen duena, eta antzinako trenaren bidea baliatuz Baztan ibaia gurutzatuko du bidezubi baten bitartez. Ondotik berriro NA-4405 eta NA-4403 errepideak gurutzatuko ditu, azken hau biribilgune batekin. Azkenean Elizondorako sarbidea izanen du. Ibaiaren gainean zubi berri bat eraikiko da. N-121B errepidearekin lotura eginez bukatuko da bide berria. Saihesbideak zazpi metroko zabalera izanen du, 3,5 metroko bi errei noranzko bakoitzarentzat, 1,5 metroko bazterbideak eta metro erdiko bermak. Guztira sei biribilgune aurreikusi dira, bi bidezubi Baztan ibaiaren gainetik eta lau pasabide saihesbidearen azpitik.
3,3 milioi euroko kreditua
Bertze aldetik, epe luzera begira, 3,3 milioi euroko kreditua onartu du Baztan Balleko Udalak 2005-2008ko Toki Azpiegitura Planaren barne dauden hainbat proiektu finantzatzeko. Horien artean, Elizondoko Gitxaurdi futbol-zelaian belar artifiziala eta aldagela berriak paratzea daude, baita Lekarozko ur horniduraren proiektua ere. Obra honek 610.000 euroko gastua ekarriko duela aurreikusi dute. Futbol-zelaiko lanek, berriz, 705.800 euroko inbertsioa beharko dute. Aipatu, Herriko Etxearen eraberritze lanak 171.000 euro gostako direla. Mailegu horrekin zorpetze maila %17,24ra igoko omen da. Halakoetan, gehienez onartzen den portzentajea %25,73koa denez, gehieneko kopuru horretatik urrun dago oraindik Balleko Udala. Aipatutako bi proiektu nagusi horiez gain, Arizkunen, Almandozen, Oronozen eta Erratzun sare, hornidura eta zolatze-obrak egitea daude proiektuen artean.