Berroetako besten barne, Zigako Juan Felipe Saharrea Huarte Xegonek apostua egin zuen. Orain pare bat urte ere Berroetako bestetan aizkoran desafioa egin zuen, baina sekula ez aurtengoaren mailakorik. Saioa mendira igoko zela errana zuen, 40 kilo soinean hartuta, nahiz eta azkenean 44 kilokoa izan. Behin Saioara —1.418 metro— iristean, karga kendu eta Berroetako herriko plazan 100 kiloko harria bitan goratu ondotik, lau kanaerdiko ebakiko zituela erran zuen. Erran eta egin. Lan guztiak 6 ordu eta 22 segundotan egin zituen, Zigatik atera zenetik aizkora bukatu arte. Rafael Arretxeak txapela jantzi zion eta jendearen animoa eskertu zuen besoak goratuz.