Ekintza bandalikoak» gaitzetsi ditu Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 28a

Maiatzaren 10etik 11rako goizaldean ezezagun talde bat Baztango frontoi estalira sartu zen hiru ate hautsi ondotik. Kristalak eta zaborrontziak ere txikitu zituzten, eta edari makinako dirua hartu zuten gero. Galerak zenbatekoak izan diren jakinarazi ez badute ere, makina guztiz suntsitua gelditu zela adierazi dute Udaletik. Foru Polizia gertaera ikertzen ari da egileak zein izan diren jakiteko. Gertatutakoaren harira, Santiago Aldako Udaleko jarduneko alkateak oharra kaleratu zuen: «Erabat gaitzetsi eta kondenatu nahi ditugu Baztanen, eta batez ere Elizondon, azken aldian ohiko bihurtu diren ekintza bandalikoak. Igandeetan paretak margotuak agertzen dira, zuhaitzak lurretik aterata edo hautsita, herriko altzariak eta trafiko seinaleak hondatuak».

Bertzalde, oharrean gaineratutakoaren arabera, «auto, motor eta kamioi ttikien lasterketak Udalaren bertze kezka iturri dira». Aldakoren hitzetan, halakoak ohiko bihurtu omen dira Arizkungo Ordoki industrialdean batez ere.

Udalaren eskariz, Foru Poliziak egun, ordu eta leku gatazkatsuenetan zaintza areagotu omen du, baina hala ere, «herritarren artean sortu den kezka ikusita, neurri gogorragoak hartzea pentsatzen ari da Udala», dio oharrak

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun