Nafarroako kopa irabazi du jubenil malako BKT eskubaloi taldeak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 28a

BKTko neskak gustora, Nafarroako kopa irabazi ondotik TTIPI TTAPA

Baztango neskek 29 eta 21 irabazi zioten Lagunak taldeari

Eskubaloian, Nafarroako Kopa txapelketako finalak jokatu ziren larunbatean Burlatako udak kiroldegian. Lau kategoria ezberdinetako finalak jokatu ziren eta bakarrean zegoen eskualdeko ordezkaria. Jubenil mailako nesken kategorian, Baztango Kirol Taldea eta Barañaingo Lagunak izan ziren aurrez aurre eta Baztango neskek garaipena lortu zuten, 29 eta 21 irabazi baitzuten.

Finalerako bide zaila

Talde honek itxura ederra eman zuen joan den denboraldian ere. Jokalari gehienak, lehenbiziko urtea izanik kategorian, ligan hirugarrenak izan ziren. Taldeak hobera egin du denboraldi honetan eta kasik liga irabaztea lortu zuten. Azkenean azpitxapeldun izan ziren. Ligaren ondotik, denboraldiko azken hilabetetan, kopa jokatu dute. Portaeragatik eta egindako lanarengatik merezi zuten titulua lortzeko aukera zuen taldeak, nahiz eta bidea zaila izan. Itzuli bakarreko ligaxka jokatu behar zuten taldeek eta bi lehenbizikoek bakarrik zuten finalera zuzenean sartzeko modua. Egutegi zaila izan zuten baztandarrek, partidarik zailenak etxetik kanpo jokatu behar izan baitzituzten. Halere, itxura ederra eman zuten ligaxka horretan eta partida bakar bat ere galdu gabe lortu zuten finalerako sailkatzea. Beraz, neska gehienek heldu den urtean senior mailara salto eginen dutela kontuan hartuz, gazte mailako titutlua lortzeko azken aukera zen talde kide aunitzentzat.

Atsedenaldian 15 eta 7 irabazten

Halere, finalean ez ziren urduri paratu Baztango Kirol Taldeko neska gazteak. Finalera bitarte egindako ibilbidean bezalaxe, gogoz eta indarrez aritu ziren, defentsan eta porterian lan bikaina eginez eta kontraerasoan ezin hobe moldatuz. Honela, atsedenaldira 15 eta 7 irabaziz joan ziren eta itxura batean, finala irabazteko aukera guziekin. Baina ez zuten horregatik bigarren zatian besoak jautsi. Abantaila eutsi egin zioten eta 11 goleko aldea ere izan zuten baztandarrek. Defentsan lasaiago aritu ziren, baina lekua ongi gordetzea aski izan zuten kopako titulua irabazteko. Azkeneko emaitza, erran bezala, Baztango Kirol Taldeak 29, Lagunakek 21.

Taldeko partaideak

Burlatako David Neira Carrasco entrenatzailearen erranetara, honako neska hauek osatu dute aurten jubenil mailako Baztango Kirol Taldea: Elizondoko Ines LABORRA BARRAU, Noelia QUINTANILLA IPARRAGIRRE, Maite RODRIGUEZ TELLETXEA, Itziar GOIENETXE AGIRRE, Nerea MORTALENA MASKOTENA, Angela NAGORE SANCHEZ, Maialen ARREGI TORRES, Izaskun AIZPURU ETXEBERRIA, Nerea GIL ZIAURRIZ eta Anabel SOBRINO ARTAZKOZ; Iruritako Oihane PRIM AGERREBERE eta Oronoz-Mugairiko Bidane APEZETXEA BERHO eta Naiara OTEIZA RAZKIN.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun