“Baztan: paisaia, lurraldea eta nortasuna” izenburupean solasaldia eskainiko du German Bastida Colominak arratseko 20:30ean Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean. Erdiz Bizirik taldeak antolatu du solasaldia eta horretarako, ingurumen, paisaia eta soziologia estudioetan 25 urte baino gehiagoko esperientzia duen ingurumen aholkularia gonbidatu dute.
Erdiz-i buruzko inkesta
Etorkizuna erabakitzerako momentuan baliagarria izan daitekela iritzita, Erdizek dituen balore ekologikoak eta Baztan eta baztandarrekiko erran nahi duena ezagutu nahian, inkestak egiten ari da Erdiz Bizirik Herri Plataforma etxez etxe. Horretarako lantalde tekniko bat kontratatu du plataformak, «lana profesionaltasunez eta ikuspuntu objektibo batetik egiteko». Inkesta joan den asteburuan hasi eta igandera, maiatzaren 25a bitarte banatuko da etxez-etxe, eta Baztango herri guztietan paratuko dira inkestak jasotzeko puntuak. Horretaz gain, herriz-herri doan ogi banatzaileak ere inkestak jasoko ditu. Aipatu, inkesta anonimoak izanen direla, baina banatu aitzinean zenbatu egin dira hasierako eta bukaerako kopuruak berdinak izateko.