2008ko Nafarroa Oinezen goiburuan “Atera ezazu mihia” dio Iruñeko Jaso ikastolak. Baina lelo horren gibelean adierazpen zabala dago. Alegia, mihia ateratzeko deialdia egiten dute, gure hizkuntzari, euskara, besteekin partekatzeko. Eta horrekin lotuta, Artea Oinez erakusketaren helburua dago, alegia, Jaso ikastolaren proiektuaren bitartez artea partekatzea, eta artearen bitartez Jaso ikastolaren proiektua partekatzea. Urteroko Nafarroa Oinez jardunari esker ohitura bilakatzen ari den Artea Oinez ekitaldiak, erakusketa bat baino zerbait gehiago izateko aukera eskaini dezake, ikastola, aldi berean, bere-bereak dituen hezkuntza egitasmoak garatzen ari den bitartean.
38 artelan Arizkunenean
Berako Labiaga ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez izan zen aitzindari ekimen honetan eta ordutik, urtero-urtero errepikatu da, erakusketak Nafarroa osoa zeharkatuz. Erakusketa martxoaren 28an inauguratu zen Iruñeko Ziudadelan eta orain bere pausaldia egiten ari da Elizondon. Dena dela, Elizondon paratu den erakusketak ez ditu artelan guztiak hartzen, toki arazoak tarteko, eta hala, 38 margo lan eta eskultura bat ikus daitezke.
Eskualdeko artistenak ere
Pasa den astean, maiatzaren 15ean inauguratu zen Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean erakusketa. Inaugurazio ekitaldian Kontxita Martinez de Lezea erakusketaren arduradunak ongi etorria eman eta eskualdeko zenbait margolarik parte hartu zuten; hala nola, Tomas Sobrino, Begoña Durruti edota Juan Karlos Pikabeak. Ondotik luntxa eskaini zuten. Ekitaldira jende mordoa hurbildu zen, 40 bat lagun. Aurten ere, gure eskualdeko artistek parte hartu dute ekimen honetan. Hala, egileen artean Jose Mari Apezetxea, Begoña Durruty, Ana Mari Marin, Juan Carlos Olaetxea, Juan Karlos Pikabea, Tomas Sobrino, Xabier Soubelet eta Xabier Elizalde daude. Margolanak aurkeztu dituzte guztiek Xabier Elizaldek ezik, honek eskultura bat eraman baitu. Baina Elizondon ikusgai daudenen artean ez dugu topatuko Xabier Elizalderen lana.
Astelehenetik larunbatera
Orain arte erakusketa zabalik egon den egunetan 95 lagun inguruk bisitatu dute eta egun jendetsuena inaugurazioarena izan da. Aipatu behar arte lanak salgai daudela eta erakusketa zabaldu zenetik aldaketak eman direla, arrazoi horrengatik. Era berean, Jaso Ikastolak Artea Oinez 2008 izeneko liburuxka bat argitaratu du lanen zehaztasun eta prezioekin eta 3 euroan salgai daude. Behin Elizondon bere pausaldia egin ondotik, bere bideari ekin eta Lizarran jarriko dute erakusketa ekainaren 10etik 22ra. Beraz, Euskal Herri osoko artisten lanak ikusteko gogoa duenak Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxera hurbildu besterik ez du egin behar ekainaren 7a arte, astelehenetik larunbatera, arratsaldeko 18:00etatik 21:00etara.