Almandozko bestak ospatuko dira maiatzaren 21etik 25era

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 21a

Irurita eta Berroetaren ondotik, Almandozko Bestaberri besten txanda ailegatu da. Maiatzaren 21ean, asteazkenean hasi eta 25era arte luzatuko dira. Asteazkenean, maiatzaren 21ean, 13:00etan altxaferoa botako da eta arratseko 21:30ean Baztan-zopak izanen dira Futbolinean AGERRALDEk alaituta.

Ortzegunean, Besta Berri eguna

Maiatzaren 22an, ortzegunean, Bestaberri ospatuko dute. Goizeko 08:00etan egunsentiko kantak izanen dituzte. 12:00etako Meza Nagusiaren ondotik luntxa eskainiko da frontoian. Arratsaldeko 17:00etan gazteen arteko pilota partida jokatuko da eta arratsaldeko 18:00etan pilota partida nagusia: Altzugarai eta Iraola, Atxa eta Otxandorenaren kontra. Gaueko 12:00etan kalderetea izanen da frontoian.

Ortziralean Haurren Eguna

Maiatzak 23an, ortziralean, Haurren Eguna ospatuko dute. Goizeko 11:00etan haurrentzako ginkana izanen da. Arratsaldeko 16:00etan puzgarriak izanen dira eta 6etan mus txapelketa. Gaueko 22:00etan gazteen afaria eginen da Futbolinean eta gauerditik aitzinera AGERRALDErekin dantzaldia.

Larunbatean mus txapelketako finalak

Maiatzaren 24an, larunbatean, goizeko 11:00etan mus txapelketako finalerdia eta finala jokatuko dira. Eguerdiko bi orduetan zikiro jatea izanen da frontoian. Arratsaldeko 17:00etan AGERRALDErekin dantzaldia eta goizaldeko 1:00etan show diskoa, espuma besta eta gogoak.

Igandean lehenbiziko jaunartzeak

Maiatzaren 25ean, igande eguerdian, Meza Nagusia izanen da eta Lehenengo Jaunartzeak ospatuko dira. Arratsaldeko 16:00etan haurrentzako puzgarriak izanen dira. Arratsaldeko 19:00etan urdaiazpiko eta gazta banaren zozketa eginen da eta gaueko 22etan, Gaixoa ni kantatuz akituko dira bestak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun