Baztanen azken aldian gertatu diren «ekintza bandalikoak» gaitzetsi ditu Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 15a

Maiatzaren 10ean ezezagun talde batek frontoi estaliko edari makinatik dirua hartu zuen

Larunbat gau honetan, maiatzaren 9tik 10erako goizaldean ezezagun talde bat Baztango frontoi estalira sartu zen hiru ate hautsi ondotik. Kristalak eta zaborrontziak ere txikitu zituzten, eta edari makinako dirua hartu zuten gero. Galerak zenbatekoak izan diren jakinarazi ez badute ere, makina guztiz suntsitua gelditu zela adierazi dute Udaletik. Foru Polizia gertaera ikertzen ari da egileak zein izan diren jakiteko.

«Erabateko gaitzespena»

Gertatutakoaren harira, Santiago Aldako Udaleko jarduneko alkateak oharra karrikaratu zuen: Erabat gaitzetsi eta kondenatu nahi izan dituzte Baztanen, eta batez ere Elizondon, azken aldian ohiko bihurtu diren ekintza bandalikoak. Izan ere, igandetan paretak margotuak agertzen dira, zuhaitzak lurretik aterata edo hautsita, herriko altzariak eta trafiko seinaleak hondatuak.

Lasterketak Arizkungo Ordoki industrialdean

Bertzalde, oharrean gaineratutakoaren arabera, auto, motor eta kamioi ttikien lasterketak Udalaren bertze kezka iturri dira. Aldakoren hitzetan, halakoak ohiko bihurtu omen dira Arizkungo Ordoki industrialdean batez ere. Udalaren eskariz, Foru Poliziak egun, ordu eta leku gatazkatsuenetan zaintza areagotu omen du, baina hala ere, herritarren artean sortu den kezka ikusita, neurri gogorragoak hartzea pentsatzen ari da Udala.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun