Baztango udaleko berriak

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 13a

Lurzoru ez urbanizagarrian etxeak egiteko orain arteko araudia guztiz zehatza ez zela iritzita, Baztango udalak berritu egin du aipatu araudia. Nafarroako Gobernuko Lurralde, Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ere bere oniritzia eman dio erabakiari eta indarrean dago dagoeneko.

Beti ere, Baztango ohiko etxebizitzen ezaugarriekin bat etorri beharko dute etxebizitza berriek, eta nekazaritza, abeltzaintza, basogintza eta aisialdi eta kirol ekintzekin loturarik ez duten etxeak egitea debekatua gelditu da. Eremu isolatuetan familia bakarreko etxebizitzak egitea ere ahalbidetzen du araudiak, baina Nafarroako Gobernuaren eta Baztango araudiekin bat etorriz gero.
Eraikin berriak dagoeneko dauden azpiegituretan oinarrituz eraiki beharko dira, bide berririk irekitzeko beharrik izan gabe. Gisa berean, %25eko malda baino altuago den lur eremuetan ezin izanen da etxerik egin.
Horiek dira, bertzeak bertze, araudi berriak exijitzen dituen neurrietako batzuk.

Maiatzaren 14ean, ezohiko batzarra

Baztango udaleko kontuekin jarraituz, asteazkenean, maiatzaren 14ean, ezohiko batzarra eginen da eguerdiko 13etan hasita.
Eguneko gai zerrendan 7 puntu ageri dira. Lehenengo 4 puntuetan Baztango Udal Planaren behin behineko aldaketa eskatzen da Elizondo eta Oronozen.
Bosgarren puntuan beharrezko zesioaren aprobetxamenduen kontuen ordenantza aldatzea proposatuko da.
Seigarrenean etorriko da eguneko puntu garrantzitsuenetakoa. Nafarroako Gobernuko Lan Publiko, Garraio eta Komunikazio Kontseilariak Irurita eta Elizondo arteko N-121-B errepidearen egitasmoaren behin behineko onespena egin du Foru Agindu baten bidez eta orain jende aurrean jarriko da eta kaltetutako herri entitateek entzungai izanen dute.
Azkenik, zazpigarren puntuan, Nafarroako Gobernuak apirilaren 21ean hartutako erabakia tramitatzen hastea proposatuko da. Hala, Nafarroako Gobernuko Lan Publiko eta Telekomunikazioak, hau da, OPNATELek, Nafarroako Foru Erkidegoko Azpiegituren Lurralde Planean kaltetutako udalek aztertu ahal izanen dute.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun