Baztango bestei hasiera eman diete Iruritakoek

TTIPI TTAPA 2008ko maiatzaren 12a

Argazkia: ONDIKOL TTIPI TTAPA

Urdazubi eta Iruritako Salbatore bestekin eskualdeko herrietako bestei hasiera eman zitzaien, segidan Berroetakoei eta Almandozkoei gero, lekukoa utziz. Iruritan, aurtengo egitarauak ez zuen aspertzeko denborarik eman, uneoro zer ikusi edo zer egin egon baitzen. Eguraldia ezin hobea izan zen, eta giroa ere halaxe. Aipatzekoa dira, berezitasunagatik, Teileriko maldan (Gizarte Bilgunearen parean) egin ziren grafitiak. Iruñeko talde batek eta Juan Angel Perotxenak egun guztia eman zuten lanean. Honekin batera, Gizarte Bilgunean, break dance erakustaldia izan zen. Bezperan, berrikuntza moduan, dantzaldia izan zen Joxe Angel eta Kristianekin, guztien gozamenerako. Aurten besta egunak izaki —zubia—, aunitz nabaritu da jende aldetik, bai dantzarien eta bai txistularien artean ere. Bertzalde, txirrindulari lasterketa egin ez zenez, I. haur krosa egin zen Apoten, 59 parte-hartzailerekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun