«Irakurtzen, idazten, gehitzen eta biderkatzen ttikitatik erakusten digute, egunerokoan ezinbertzekoak diren zerbait bailiran. Aitzitik, inork ez digu erraten nola senti gaitezkeen eta zer egin dezakegun maite dugun norbait galtzen dugunean». Halaxe dio Senda Fundazioaren artikulu batek, dolumina bizi dutenei laguntzea baita bere egitekoa. Irabazi asmorik eduki gabe, aspalditik ari da Senda Fundazioa dolumina sentitzen dutenei laguntzen. Egunerokoan oraindik ere gizartean tabua izaten segitzen du heriotzak, eta hori normalizatzea da Senda Fundazioaren helburu nagusienetariko bat. Horretarako hainbat ekintza egiten dituzte: heziketa tailerrak, solasaldi informatiboak... Guztia terapeuten bitartez. Interneten ere eskaintzen dute laguntza, www.sendafun.org helbidean. Tabu hori gainditzeko beharra badagoela iritzita, maiatzaren 28an, asteazkenarekin, Elizondoko Arizkunenea Kultur Etxean solasaldia eskainiko dute fundazioaren zerbitzuen berri emateko. Hartara, beharra sortuz gero, eskualdean dolu talde berri bat sortuko luketela iragarri dute. Hitzaldia 18:30ean hasiko da. Iruñeko Goizargi eta Irache Tanatorio Taldearen ekimenez sortu zen Senda Fundazioa, dolumina dutenek sentitzen dutena bertzeekin konpartitzen ikasi eta bide batez, euren egoera psikologikoa eta soziala hobetu ahal izateko. Fundazioaren ustetan, «norbaitek entzuten diela jakiteko beharra dute, ulertuak eta babestuak direla ikusteko beharra». Urteen joanean bortz dolu talde sortu dira eta horietatik bat Lesakan biltzen da, Udalaren Erabilera Anitzeko Aretoan. Zortzi eta hamar lagun arteko taldeak izaten dira, aditu talde batek zuzendutakoak, eta beharraren arabera, astero edo bi astetik behin elkartzen dira.