Nafarroako Gobernuak 12 milioi euroko gastua onartu du berriki Lekarozko Kolegioari begira. 2012 Nafarroako Planaren barne hitzartu dute UPN, CDN eta PSNk aipatu inbertsioa. 2006an erosi zuen Gobernuak Lekarozoko Kolegioa, 3,3 milioi euroren truke, eta geroztik haren esku dago.
Gobernuak egin asmo dituen proiektuen inguruan mintzatu zen Virginia Aleman alkatea apirilaren 16an Herriko Etxean emandako prentsaurrekoan, Santiago Aldako eta Martin Garde zinegotziak alboan zituela. Lekarozko Kolegioaren inguruan, Gobernuak hezkuntzaren alorrera bideratuko duela jakin arren, hortik haratago egin nahi dituen proiektuen inguruan «inongo berririk» ez zutela adierazi zuen alkateak, eta horren berri hedabideen bitartez jaso dutela. Udalak, bere aldetik, Irungo diseinu eskola batekin harremanetan jarri eta diseinu eskola bat egiteko proposamena Gobernuari luzatuko ziola adierazi zuen.
2005ean Kolegioa salgai paratu zenean, Udalak Baztango ekonomia sustatu eta herritarren beharrei aitzin egiteko proiektuak sustatzearen alde egin zuela adierazi zuen Alemanek. Hala, bertzeak bertze, teknologia zentroa, nekazaritzako elikagaiak bultzatu eta kudeatzeko gunea, kultur eta aisialdi ekimenak eta arte eskola egitea bezalako proposamenak planteatu omen zituzten enpresari eta agente ekonomikoekin hitz egin ondotik.