«Baztango nekazaritza mantendu eta kalitateko gazta egitea dira helburuak»

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Xabi RIPA Baztandarra Kooperatibako kudeatzailea TTIPI TTAPA

• 1977an hasi zituen Baztandarra Kooperatibak bere harat honatak. Erratzun sortu arren 1982az geroztik Arizkunen du egoitza. 300 bazkide ditu gaur egun eta hainbat zerbitzu eskaintzen ditu: pentsua, ongarriak, gasoleoa...
• 2007an gasnategi berria eraiki zuten, eta aurten, berriz, Baztangoa markarekin gazta berria merkaturatu dute.
• Urtean ardi latxaren 650.000 litro esne ekoiztea espero dute, eta hiru urte barru 80-85 tona gazta egitea dute helburu. Xehetasunen berri eman digu Xabi Ripa kooperatibako kudeatzaileak.

Nolatan sortu zen Baztangoa gazta egiteko asmoa?

Orain dela lau bat urte sortu zen, bertako lehengaiei bertze balore bat emateko helburuarekin. Orduko juntan sortu zen komertzializatzen hasteko ideia eta denborarekin garatu egin dugu. Berez joan den urte akaberan hastekoak ginen Baztangoa gazta merkaturatzen baina azkenean gasnategi berriko obrak tarteko, hilabete bat gibeleratu zen eta urtarril akabera aldera merkaturatu genuen. Produktuaren aurkezpenik oraindik ez dugu egin, eta gasnategiaren inauguraziorik ere ez, baina momentuz harrera ona izan dugula erran dezakegu.

Joan den urtean eraiki zenuten gasnategi berria. Inbertsio garrantzitsua, ezta?

Bai, hala da. Milioi bat euro inguruko inbertsioaz ari gara. Nafarroako Gobernuari laguntza eskaera ere egin genion eta aurrekontuaren %30eko dirulaguntza eman digu. 300 bat bazkide ditu kooperatibak eta denek parte hartu dute egitasmo honetan.

Zertan bereizten da zuen gazta?

Bertako gazta dela, kalitateko gazta. %100ean Baztango ardi latxaren esnearekin egina da, Baztandarra Kooperatibako bazkide diren artzainen esnearekin egina. Gainera, artzainen modu tradizionalean egindako produktua da, inolako tratamendu termikorik gabe. Ez du ez kontserbatzailerik eta ez koloratzailerik ere, lau osagai bertzerik ez baititu: esnea, gatzagia, hartzigarria eta gatza.

Zein da Baztangoa markaren helburua?

Alde batetik, kalitateko gazta baten premia betetzea da, Baztango esneari balio erantsia emanez. Eta bertzetik, berriz, Baztanen aspalditik bizitzeko modu bat izan dena ez galtzea, Baztango nekazaritza mantentzea, alegia.

Zenbat gazta ekoiztea da zuen helburua?
Urtean 80-85 tona gazta ekoiztera ailegatu nahi dugu, eta horretarako 650.000 litro esne produzitu beharko ditugu.

Ateratzen duzuen esne guztia gazta egiteko bideratuko duzue?
Merkatuaren eskaeraren arabera egokituko dugu gure eskaintza. Momentuz esnea bere horretan bertze kooperatiba batzuei saltzen diegu, dena gaztak egiteko erabili gabe.

Etorkizunera begira, zein egitasmo dituzue?
Bertze produktu batzuk komertzializatzeko ideiarekin gabiltza, denak ere Baztangoa markaren barrenean. Esnearekin egindako bertze produktuak edo haragia landuz egindakoak izanen ziratekeen. Nekazaritzaren egoera zein den ere ikusi behar da, nekazaritza gaizki badoa guk ere arazoak izan baititzazkegu. Baina momentuan ona da kooperatibaren osasuna eta gu ere indartzeko helburu horrekin ari gara lanean.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun