Hurbildu IKTetar@ programa landuko du Cederna-Garalurrek Baztanen eta Urdazubin

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 28a

Emakumeak eta 55 urtez goitikoak ordenagailuaren erabileran trebatzeko

Ordenagailua, Internet eta posta elektronikoaren erabilera emakumeek eta 55 urtetik goitikoek ikasteko Hurbildu IKTetar@ programa landuko da maiatzetik aitzinera Baztango zenbait herritan eta Urdazubin. Cederna Garalur Elkarteak, "Hurbildu IKTetar@" programaren barnean, hitzarmena sinatua du Nafarroako Gobernuarekin teknologia berriei buruzko hastapen-ikastaroak eta gaiaren inguruko tailerrak emateko bere lan-lurralde osoan; hau da, Nafarroako Mendialdean.

Ikastaroak garraioarekin

Aurten gainera, "ikastaroak garraioarekin" modalitatea gehitu da. Nafarroako Gobernuak garraioa paratuko du, 7 lagunentzako taxia hain zuzen, inguruetako herrietako ikasleak ikastaroa emanen den herrira eramateko.

Elizondo, Amaiur, Urdazubi eta Oronozen

Elizondon, maiatzaren 5etik 16ra eginen da emakumeei eta 55 urtetik goitikoei zuzendutako ikastaroa. Amaiurren maiatzaren 19tik 30era izanen da ikastaroa garraioarekin. Ikastaro honetan parte hartu nahi dutenek taxia izanen dute Erratzu, Bozate, Arizkun, Azpilkueta eta Urrasun barna, Amaiurrera joateko. Urdazubin irailaren 1etik 12ra izanen da ikastaroa eta Oronozen urriaren 27tik azaroaren 7ra. Aipatu bezala, Ordenagailua, Internet eta posta elektronikoa lantzeko hastapen-ikastaroan izanen dira. Ikastaroen helburua da partaideek ordenagailuaren oinarrizko tresnak, teklatua, sagua, Windows sistema eragilea eta bertze erabiltzen ikastea, baita Interneten nabigatzen eta posta elektronikoa erabiltzen ikastea ere.

25 orduko ikastaroak

Ikastaroek 25 orduko iraupena izanen dute, eta bi astetan emanen dira, astelehenetik ortziralera. Saio bakoitzak bi ordu terdiko iraupena izanen du. Ikastaroak doakoak dira. Ikastaro bakoitzean partaide-kopurua gutxienez 8, eta gehienez 12 lagunekoa izanen da. Garraioa izanen duten ikastaroei dagokienez, garraioa subentzionatua izan dadin, beharrezkoa izanen da gutxienez 5 lagunek zerbitzua eskatzea. Garraioaren nondik norakoa alda daiteke, izena eman duten pertsonen arabera. Ikastaroetan parte hartzeko izen-emateak telefonoz eginen dira, 639 900 318 telefono-zenbakira deituta: goizeko 8:30etatik eguerdiko 2:30era eta Loreagatik galdetu. Informazio gehiago Cederna-Garalureko telefono horretan eta bulegoetan, Nafarroako Gobernuko Informazioaren Gizartearen Sustapena arlora deituz, 848 42 3067 telefonora eta Alberto Alonsotaz galdetuz eskura daiteke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun