Magna BKT eskubaloi taldeak ez du igoerarik lortu

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 21a

Alcobendasen partida bakarra irabazi eta Ohorezko Mailara igotzeko ametsa ezin izanen du bete

Eskubaloiko emakumeen Baztango Kirol Taldeak, Magna BKTk ezin izanen du heldu den urtean Espainiako Ohorezko Mailan, ABF ligan jokatu. Aste hondar honetan jokatu du igoera fasea Alcobendasen, Madrilen. Lau taldeen artean bik bakarrik zuten promozioko bigarren fasera sailkatzeko aukera eta ez dute lortu Joxe Iturzaetak gidatzen dituen neskek.

Ortziralean galdu egin zuten

Ortziralean zuten lehenbiziko partida Magna BKTkoek, Alikanteko Gran Monovar-Ecociudad taldearen kontra. Beraien multzoan hirugarrenak geldituak ziren eta hasiera batean taldea ahulena izan zitekeela pentsa zitekeen. Baina ez zen halakorik izan. Jokalari ttikiak eta mugikortasun handikoak ditu eta baztandarrek ezin izan zuten garaipenarik eskuratu estreineko partida horretan eta 23 eta 28 galdu zuten.

Etxeko taldearen kontra ere galdu larunbatean

Larunbatean partida zailagoa zuten. Izan ere, etxeko taldearen kontra, Alcobendasen kontra jokatu behar zuten. Gainera, bezperan lehen partida irabazia zuten madrildarrek eta garaipenarekin, bigarren faserako sailkatzea segurtatu zezaketen. Partida gogorra eta estua izan zen, hainbat minututan berdintasuna izan zen markagailuan. Zaleek ere aunitz bultzatu zuten etxeko taldea eta baztandarren kontra gogor jo zuten. Azkenean, Alcobendas taldearen mailarengatik eta zaleen presioarengatik, beheitik egin zuen BKTk eta bigarren partida hori ere galdu egin zuten, 24 eta 16. Bertze partidan Valencia Villegas taldeak irabazi egin zion Gran Monovar taldeari.

Igandean, aski izan ez zen garaipena

Beraz, igandeko hirugarren partidarako, aukera murritzak gelditzen zitzaizkien Magna BKTkoei. Alcobendasek bi garaipen zituen, Gran Monovar eta Valencia Villegasek bana eta BKTk ez zuen garaipen bakarrik ere. Bigarren postua eskuratzeko bi baldintza bete behar ziren igandean. Alde batetik, Magna BKTk hamar goleko aldeaz irabazi behar zion Valencia Villegas taldeari eta bertzetik, Alcobendasek irabazi egin behar zion Gran Monovar taldeari. Ez bat eta ez bertzea, ez ziren bete. Halere, Magna BKTk partida bikaina jokatu zuen igandean eta igoera fase honetako garaipen bakarra eskuratu zuen, Valencia Villegaseri 31 eta 24 irabazita. Hasiera berdinduaren ondotik, atsedenaldira 16 eta 13 irabazten joan ziren baztandarrak. Bigarren zatian lau goleko aldera ailegatu ziren 22 eta 18koan eta hamar minuturen faltan sei goleko aldea zuten, 26 eta 20. Baina ezin izan zuten hamar goleko mugara ailegatu eta azkenean, 31 eta 24 irabazi zuten. Gainera, bertze partidan, Gran Monovar taldeak ezustea eman zuen eta bi goleko aldeaz irabazi zion Alcobendasi, 22 eta 24.

Hurrengoan beharko!

Gauzak honela, Alcobendas eta Gran Monovar sailkatu dira bigarren faserako. Alcobendas izan da sailkapen buru, baina elkarren arteko partidaren emaitza kontuan hartzen denez, Gran Monovar pasatuko da bigarren fasera bi punturekin eta Alcobendas punturik gabe. Bertze multzoan ere gauza beretsua gertatu zen. Barakaldoko Baseti Zuazo izan zen lehena eta Malaga bigarren, baina andaluziarrek bizkaitarrei irabazi zietenez, bi punturekin sartuko dira bigarren fasean eta Barakaldokoak punturik gabe. Beraz, lehia estua espero da igoerarako. Magna BKTk bertze batean saiatu beharko du berriro. Ez du igoerarik lortu, baina baztandarrek egin duten denboraldi bikaina zoriondu beharrekoa da. Igoera ez lortzea baino okerragoa izan da Sanduta atezain errumaniarraren lesio larria.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun