Lekarozko Kolegioaren inguruan Gobernuak dituen asmoen berririk ez duela dio Balleko Udalak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 18a

Diseinu eskola bat egitea proposatuko du Udalak

Nafarroako Gobernuak 12 milioi euroko gastua onartu du berriki Lekarozko Kolegioari begira. 2012 Nafarroako Planaren barne hitzartu dute UPN, CDN eta PSNk aipatu inbertsioa. 2006an erosi zuen Gobernuak Lekarozoko Kolegioa, 3,3 milioi euroren truke, eta geroztik haren esku dago. Gobernuak egin asmo dituen proiektuen inguruan mintzatu zen Virginia Aleman apirilaren 16an Herriko Etxean emandako prentsaurrekoan, Santiago Aldako eta Martin Garde zinegotziak alboan zituela. Lekarozko Kolegioaren inguruan, Gobernuak hezkuntzaren alorrera bideratuko duela jakin arren, hortik haratago egin nahi dituen proiektuen inguruan «inongo berririk» ez zutela adierazi zuen alkateak, eta horren berri hedabideen bitartez jaso zutela. Udalak, bere aldetik, Irungo diseinu eskola batekin harremanetan jarri eta diseinu eskola bat egiteko proposamena Gobernuari luzatuko ziola adierazi zuen.

2005ean ikastetxea salgai

2005ean Kolegioa salgai paratu zenean, Udalak Baztango ekonomia sustatu eta herritarren beharrei aitzin egiteko proiektuak sustatzearen alde egin zuela adierazi zuen Alemanek. Hala, bertzeak bertze, teknologia zentroa, nekazaritzako elikagaiak bultzatu eta kudeatzeko gunea, kultur eta aisialdi ekimenak eta arte eskola egitea bezalako proposamenak planteatu omen zituzten enpresari eta agente ekonomikoekin hitz egin ondotik.

Bideak asfaltatzen 394.000 euro

Egun berean, Santi Aldako zinegotziak baserrietarako bideak asfaltzeko inbertsioez hitz egin zuen. Udalak dagoeneko 298.788 euro gastatu ditu baserrietarako bideak konpontzen, eta bertze gainerako 95.287 euroak bertze lanak egiteko baliatuko dira. Gastu guztia Udalak bere gain hartu duela adierazi zuen Aldakok, Nafarroako Gobernuak joan den urtean ez zuelako nekazaritzako azpiegituretara bideratutako laguntza deialdirik egin.

Elizondoko Osasun zentroan aparkalekua

Oraindik egiteko dauden lanen artean, Elizondon osasun zentroaren ondoan aparkaleku gehiago egiteko asmoa dago. Gisa berean, Arizkungo Ordoki industrialdean kamioientzat aparkalekuak eginen dira. Horrez gain, Arizkun, Oronoz-Mugairi eta Almandozen saneamendu eta zolatzeko lanak eginen dira. Lekarozko ur arazoekin akitzeko neurriak hartuko direla ere iragarri zuen Aldakok. Dagoneko egin diren obren artean, berriz, Arizkun, Erratzu, Irurita, Elizondo eta Lekarozko hainbat bideren konponketak daude.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun