Magna BKT Ohorezko Mailarako bidean hasiko da ortziralean Madrilen

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 17a

Hiru egunez hiru partida jokatu beharko dituzte

Ailegatu zaie Elizondoko Magna Baztango Kirol Taldeko neskei bere 20 urteko historian izan duten hitzordurik garrantzitsuena. Lehen Maila Nazionaleko hasierako fasean bigarren izan ondotik, Magna BKT talde nagusiak Ohorezko Mailara igotzeko promozioa jokatuko du apirilaren 18tik 20ra, ortziraletik igandera Madrilgo Alcobendasen. Ortzegun arratsaldean abiatu dira Madril aldera autobusean eta ortziralean ekinen diote igoera faseari, Totu Iturzaeta jokalariak aipatu digunez.

Ortziral, larunbat eta igandean partida bana

Igoera promozioko multzo honetan, Magna Baztango Kirol Taldearekin batera, etxeko taldea, Alcobendas, Alikanteko Monovar eta Valencia Villegas taldeak ariko dira. Talde guziak guzien kontra ariko dira eta lehenbiziko bi sailkatuek, maiatzaren 3 eta 4an jokatuko den igoera promozioko bigarren fasera pasatuko dira. Magna BKTk ortziral arratsaldeko 7etan Monovar taldearen kontra jokatu beharko du; larunbat arratsaldeko 8etan, etxeko taldearen, Alcobendasen kontra eta igande goizeko 11etan Valencia Villegas taldearen kontra. Multzo honetan ari diren taldeak ezezagunak zaizkie baztandarrei eta beraz, zaila da bigarren fasera pasatzeko dituzten aukerak neurtzea.

Bi multzoko bi lehenbizikoak aitzinera

Bertze multzoan, lehenbiziko fasea Barakaldon jokatuko da. Magna BKTren ligan garaile izan den Baseti Zuazo, hirugarren izan zen Tenerife Salud, Amposta eta Malaga taldeak ariko dira eta hemen ere bi lehenbizikoak igaroko dira bigarren fasera. Bigarren fase horretara pasatzen diren taldeek, bi partida jokatu beharko dituzte, lehen fasean bere multzoan aritu ez diren taldeen kontra, hain zuzen. Izan ere, lehen fasetik sailkatu diren multzo bereko bi taldeek elkarren kontra jokatutako partidan lortutako puntuekin pasatuko dira bigarren fasera. Bigarren fase honetako lehenbiziko bi sailkatuek lortuko dute Ohorezko Mailara igotzea. Beraz, zortzi taldeetatik bik bakarrik beteko dute ametsa.

Emakumeen Ohorezko Mailan bertze bi euskal talde bakarrik daude: Donostiako Bera Bera eta Lizarrako Itxako. Hauekin eta liga nagusiko bertze taldeekin lehiatzeko txartelaren bila ariko dira Magna BKTko neskak asteburuan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun