Baztango Ordenantzak lehenbailehen berritzeko eskatu dute herrietako alkateek

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 15a

Atzerapenaren arrazoia Udaleko lan-karga dela dio Alemanek

Apirilaren 1ean egin zen bigarren hirulekoari dagokion Baztango Batzar Nagusia. 40 puntu landu behar izan zituzten, eta ordu eta erdiz aztertu zituzten. Halere, eskari eta galderen tartean, Luis Roldan Almandozko alkateak Baztango Ordenantzak eraberritzearen kontua aipatu zuen. Gai hori aztertzeko 2001az geroztik hiru batzorde berezi eratu direla gogoratu zuen (2001ean, 2003an eta 2006an), eta horrela «ez dela inoiz aitzinera eginen». Alkate berriak aukeratzen diren guztietan taldez aldatzea «ez dela logikoa» erran zuen.
Virginia Aleman Baztango alkate eta Batzar Nagusiko lehendakariak, bere aldetik, eskaera kontuan hartuko zutela aipatu zuen, baina Udalean hainbertze lan egoteak, gaian aurrera egitea oztopatzen duela. Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioaren dirulaguntzaren esperoan daudela ere gaineratu zuen, eta horrekin ordenantzak berritzen lagunduko lukeen jurista kontratatzea posible izanen dela. Halere, aipatu laguntza hori gabe ere, gaian aitzinera egin behar dela adierazi zuen.
Iruritako alkatea den Pello Orbegozok, bertzalde, herrietako zenbait alkatek herri galdetari buruzko testua prestatua zutela aipatu zuen, Baztango araudian barneratzeko asmoarekin. Hurrengo Batzar Nagusian aurkeztuko omen dute.
Gainerakoan, Iparraldeko Ur Konfederazioak Baztanen piezometroa paratzeko egindako lur eskaera onartu zen. Uraren kalitatea eta bere sakontasuna neurtzeko aparatua da piezometroa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun