Toki Administrazio Departamentuak Udalak egindako zortzi kontratu inpugnatu ditu

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 15a

Zortzitik sei iazko uholdeei aurre egiteko hartuko neurriei dagozkie

Nafarroako Gobernuko Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak inpugnatu egin ditu 2007an Udalak egindako zortzi kontratu. Zortzi horietatik sei joan den urteko uholdeek eragindako kalteak konpontzeko hartutako neurrien ingurukoak dira.
Amelia Salanueva Toki Administrazioko kontseilariak inpugnatu dituen kontratu horien artean daude, bertzeak bertze, Arraiozko zeharbidean eta Urrutia eta Mardea auzoetan egindako sareen berritze eta zoladura-obren kontratuak, eta Artixoko errekan egindako lanei dagokion kontratua.

Horrez gain, maiatzaren 4ko uholdeen eraginez kaltetu ziren abeltzaintza azpiegiturak konpontzeko lanen kontratuak ere inpugnatutakoen artean daude, baita San Francisco Javier Ikastetxe Publikoaren teilatua berritzeko obren kontratua ere. Baztanen magnesita ateratzeko egitasmoa zela eta kontratatutako aholkularitzari, eta uholdeekin hondatutako bideak konpontzeko egindako kontratuei ere egin die kontra Salanuevak Kontentzioso-Administratiboan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun