Baztango Kirol Taldeak (BKT) 20 urte bete ditu. Eta horren harira, ospakizun berezia egin zuten martxoaren 29an Elizondon. Hortik haratago, ordea, une berezia da hau BKTrentzat, bere 20 urteko historian hitzordurik garrantzitsuenaren aitzinean baitago: Lehen Maila Nazionaleko BKTren taldea Ohorezko Mailara igotzear dago. Iaz igoera fasea jokatzeko atarian izan ziren, baina azkenean laugarren gelditu eta ametsa zapuztu egin zitzaien. Aurten horrelakorik ez. Ohorezko Mailararen atarian daude eta ortziral, larunbat eta igande honetan igoera promozioaren lehen fasea jokatuko dute Madrilen. Lehen fase hori Elizondon jokatu zedin ere ahalegindu ziren, baina azkenean Madrilera joan beharko dute. Irabaziz gero, maiatzaren 3an eta 4an lehian segitu beharko dute, igoera promozioko bigarren fasera pasatuko baitira. Ametsa errealitate bilakatu da BKTko senior mailako jokalarientzat, eta urteetako lanaren emaitza da hori guztia. BKT ez zen atzo sortu eta 20 urteko historia laburbiltzea zaila gerta daitekeen arren, hurrengo lerroetan horretan saiatuko gara.
Eskubaloia Baztanen arras errotua dagoen kirola da. Orain 30 urte pasa Arizkunen Elkartasuna izeneko mutilen taldea sortu zen. Jubenil mailan aritzen ziren, eta gehienak arizkundarrak ziren. Elizondoko Lanbide Eskolan entrenatzen ziren, baina taldea eskolatik kanpo eratzea erabaki zuten, herrian berean. Federico Iriarte zen entrenatzailea eta pare bat urtez aritu ziren Club Deportivo Baztan sortu zen arte. Lehen pausuak mutilek eman bazituzten ere, orain 30 urte inguru neska talde bat Fernando Iribarren eta Iñaki Uriarterengana joan zen nesken talde bat sortzeko gogoz. Axun Jaimerena, Lorea Sansiñena, Mari Joxe Apezetxea, Pili Gomez… 15 urte inguru zituzten eta kadete mailako taldea osatu zen eurekin. Ondotik sartu ziren Ana Gartxitorena, Elena Danboriena, Mika Maritorena, Elizabeth Santesteban…
Gauza bitxia kontatu digu orduko entrenatzaile zen Iñaki Uriartek. Bertze garaiak ziren haiek eta nahiz eta arauetan galtza motzekin jokatu behar zela adierazi, ordukoek ez omen zuten nahi izaten hala jantzi eta gatazkan ibiltzen omen ziren arbitroak konbentzitu nahian. Hortik haratago, mugimendu haundia sortu zen Baztanen eta poliki-poliki gainerako taldeak eratuz joan ziren, kadete, jubenil eta senior mailan.
Garai horietan Club Deportivo Baztanek finantzatzen zuen guztia, baina orain 23 urte inguru taldeak aurrekontu falta zuela argudiatuta, eskubaloiko taldeak eta bertze hainbat kanpoan gelditu ziren. 1982-1983 denboraldian Nafarroako kadete mailako Kopa irabazi zuten eta hurrengo denboraldian Eusko Jaurlaritzak Liga Vasca delakoa sortu zuen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako taldeekin. Gastuak bere gain hartuko zituela hitzeman zuen, baina ez zen hala izan eta Club Deportivo Baztanek beretzat gastu handiegia zela erran zuen. Eskubaloi, pilota, errugbi eta txirrindulari talde guztiak Club Deportivo Baztanetik atera ziren. Finantzazioa bere gisara bilatu behar izan zuten eta formula ezberdinak landu zituzten horretarako: zinea antolatu, gaupasak egin —bakarrik eta Xorroxinekin–, ostatuak jarri, pegatinak, txapak… Partidak kanpoan jokatzean gurasoek eramaten zituzten batetik bertzera jokalariak.
Mutilek orain 20 urte inguru utzi zuten eskubaloia, baina neskek beti jarraitu izan dute maila desberdinetan.
Garai bateko esfortzuak bere fruitua eman du
Baztango Kirol Taldea gerora etorri zen. Horretarako estatutu eta zuzendaritza batzordea eratu behar izan zuten. Notarioarengana joan, eta bertzerik gabe, alabak taldean zituzten guraso batzuek osatu zuten lehenengo zuzendaritza. Lehen presidentea Rosa Altzugarai izan zen eta batzordeko kideak Genaro Laborra, Izquierdo, Inbuluzketa… Aspaldiko denborak dira, baina hauek egin zuten lanari esker ezagutzen dugu gaur egungo Baztango.
100 neska eta emakume mugitzen ditu orain Baztango Kirol Taldeak eta Nafarroa Iparraldean emakume gehien dituen taldea da. Gainera, Baztanen kirol federatua egiteko aukera bakarra eskaintzen duena da.
2007-2008 denboraldian zazpi taldek osatzen dute BKT: benjamin eta alebin mailan bi talde daude; infantiletan lehen urteko eta bigarren urteko talde bana. Nafarroako Kirol Jolasen barne, Lekaroz izenarekin parte hartzen dute; kadeteetan talde bat dute eta jubeniletan bertzea. Hauetako zenbaitek Lehen Maila Nazionaleko taldearekin kolaboratzen dute etorkizunean talde horretara pasatzeko ametsarekin. Bertzetik, aipatu, infantiletan bigarren urtekoek eta jubenilek Espainiako txapelketan jokatuko dutela aurten. Eta azkenik Lehen Maila Nazionalean ari den taldea dago.
Igoera fasean
Senior mailako taldea Lehen Maila Nazionalean ari da. 17 jokalarik osatzen dute eta Lehen Maila Nazionaleko hasierako fasean bigarren izan ondotik, Ohorezko Mailara igotzeko promozioa jokatuko dute ortziral honetatik igandera. Horretarako lanean gogor saiatu arren, ezin izan dute etxean jokatu, eta Madrilera joan beharko dute. Igoera promozioko multzo honetan, BKTrekin batera, Alcobendas, Alikanteko Monovar eta Valencia Villegas taldeak ariko dira. Bertze multzoan, bertze lau talde ariko dira. Talde guztiak guztien kontra ariko dira eta lehen bi sailkatuak maiatzaren 3an eta 4an jokatuko den igoera promozioko bigarren fasera pasatuko dira. Erran beharrik ez da 20 urteko historian hitzordurik garrantzitsuena dela igoera fase hau BKTrentzat.