Ohorezko Mailarako igoera fasea Madrilen jokatu beharko du Magna BKT eskubaloi taldeak

TTIPI TTAPA 2008ko apirilaren 9a

Apirilaren 18tik 20rako fasea gainditzen badu maiatzaren 3 eta 4an jokatuko du

Lehen Maila Nazionaleko hasierako fasean bigarren izan ondotik, Elizondoko Magna Baztango Kirol Taldea emakumeen eskubaloi talde nagusiak Ohorezko Mailara igotzeko promozioa jokatuko du apirilaren 18tik 20ra.

Zortzi talde bi multzotan

Zoritxarrez, Baztango Kirol Taldea horretarako lanean gogor saiatu baldin bada ere, ezin izanen dute etxean jokatu, Madrilen baizik, Alcobendasen. Igoera promozioko multzo honetan, Magna Baztango Kirol Taldearekin batera, etxeko taldea, Alcobendas, Alikanteko Monovar eta Valencia Villegas taldeak ariko dira. Talde guziak guzien kontra ariko dira eta lehenbiziko bi sailkatuek, maiatzaren 3 eta 4an jokatuko den igoera promozioko bigarren fasera pasatuko dira. Multzo honetan ari diren taldeak ezezagunak zaizkie baztandarrei eta beraz, zaila da bigarren fasera pasatzeko dituzten aukerak neurtzea.

Bi taldek bakarrik lortuko dute helburua

Bertze multzoan, lehenbiziko fasea Barakaldon jokatuko da. Magna BKTren ligan garaile izan den Baseti Zuazo, hirugarren izan zen Tenerife Salud, Amposta eta Malaga taldeak ariko dira eta hemen ere bi lehenbizikoak igaroko dira bigarren fasera. Bigarren fase horretara pasatzen diren taldeek, bi partida jokatu beharko dituzte, lehen fasean bere multzoan aritu ez diren taldeen kontra, hain zuzen. Izan ere, lehen fasetik sailkatu diren multzo bereko bi taldeek elkarren kontra jokatutako partidan lortutako puntuekin pasatuko dira bigarren fasera. Bigarren fase honetako lehenbiziko bi sailkatuek lortuko dute Ohorezko Mailara igotzea. Beraz, zortzi taldeetatik bik bakarrik beteko dute ametsa.

Hogei urteko historian hitzordurik garrantzitsuena

Erran beharrik ez da bere hogei urteko historian hitzordurik garrantzitsuena dela igoera fase hau Baztango Kirol Taldearentzat. Mutilen eskubaloi talde batentzan Asobal ligara igotzea edo futbolean, lehen mailara igotzearen parekoa litzateke igoera lortzea. Emakumeen Ohorezko Mailan bertze bi euskal talde bakarrik daude: Donostiako Bera Bera eta Lizarrako Itxako. Hauekin eta liga nagusiko bertze taldeekin lehiatzeko txartelaren bila ariko dira Magna BKTko neskak apirilaren 18tik 20ra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun