Euskara sustatzeko lankidetza hitzarmena berritu dute Baztango udalak eta Kontseiluak

Goizalde URDANPILLETA 2008ko apirilaren 8a

Oianko Garde, Raul Lopez, Xabier Mendiguren, Virginia Aleman eta Martin Garde, asteleheneko sinadura ekitaldian. TTIPI TTAPA

Euskaraz Bai lelo berria martxan da

Baztanen euskara are eta indar handiagoz sustatzeko helburuarekin, lankidetza hitzarmena berritu dute Baztango Udalak eta Kontseiluak. Duela bost urte hasi ziren elkarlanean eta lortutako emaitza onak ikusita, bide beretik jarraitzea erabaki dute. Ekitaldian honako hauek parte hartu zuten: Virjinia Aleman Baztango alkateak, Xabier Mendiguren Kontseiluko idazkari nagusiak, Martin Garde Baztango udaleko zinegotziak, Oianko Garde Bai euskarari teknikariak eta Raul Lopez euskara teknikariak.

Euskal Herri mailako ziurtagiri bakarra

Kontseiluaren laguntzarekin, Ziurtagiriaren Elkarteak kudeatzen duen Bai Euskarari Ziurtagiria sustatuko dute Baztanen. Xabier Mendigurenek azaldu zuen Bai Euskarari Ziurtagiria, Euskal Herri mailako ziurtagiri bakarra dela. Baztanen Ziurtagiria eskuratzen duenak, Baztango euskararen normalizazioan ez ezik, Gernikako, Aguraingo edo Zuberoako euskararen normalizazio lanean eragiten duela. Bai Euskarari Ziurtagiriaren sustapenean, eremu desberdinen lanketa egiten da: herri mailakoa, eskualde mailakoa eta Euskal Herri mailakoa. Kontseilua aholkulari izatearen abantailak aprobetxatu nahi dira, Euskal Herri osoko euskalgintzaren bilgune nagusia izaki, herri aunitzetako esperientziak lagungarri direlako. Mendigurenek aipatu zuen ziurtagiriaren bidez, herritarrek kalitatezko zerbitzuak euskaraz eskuratzeko nahia ase dezaketela.

Euskal Herrian 1.500 ziurtagiri

Guztira, 1.500 entitate baino gehiagok eskuratu dute Bai Euskarari Ziurtagiria Euskal Herri osoan. Oianko Gardek aipatu zuen Baztanen dagoeneko 50 Ziurtagiri baino gehiago eskuratu direla eta gehiago izan daitezen lanean jarraituko dutela eta zenbait kanpaina martxan jarriko dituztela epe labur batean.

Lehen Bai Euskarari, orain Euskaraz Bai

Kontseiluak 10 urte bete berri ditu eta etorkizunera begira hainbat berrikuntza txertatu ditu bere filosofian. Kontseiluak Bai Euskarari lelo zaharra gainditu nahi du eta Euskaraz Bai lelo berria martxan jarri. 10 urte hauetan bai euskarari oihukatu dutela erran zuen Mendigurenek eta proiektu anitz dituztela martxan lelo horren babesean. Zera gaineratu zuen Mendigurenek “Bai Euskarari esatea ondo dago, baina euskarak gehiago behar du; Euskaraz Bai da behar duena, euskaraz bai lanean, lagun artean, hezkuntzan, administrazioan”. Azkenean Virginia Aleman eta Xabier Mendigurenek lankidetza hitzarmena sinatu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun