Baztango Kirol Taldeak 20. urteurrena sasoirik onenean ospatzen ari da

Artxibokoa 2008ko apirilaren 1a

Baztango Kirol Taldeko emakumeak, 1993an ateratako argazkian. TTIPI TTAPA

Talde nagusiak Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatuko du apirilaren 18tik 20ra

Baztango Kirol Taldeak 20 urte bete ditu. Hori dela eta, ospakizun berezia egin zuten larunbatean, martxoaren 29an. Marsel Magoaren ikuskizuna izan zen ttikienentzat eta gazteentzat diskoteka light. Modu honetan 13-15 urte dituztenak bildu nahi izan zituzten, adin tarte honetakoek ez baitute aukerarik izaten diskotekako ohiko ordutegian sartzeko. Lehen mailan ari diren jokalariak, entrenatzaileak eta presidentea ere bertan ziren eta behin helduenak dantzan eta mugimenduan hasi zirenean, animatu ziren gainerako guztiak. Giro polita sortu zen eta gauen ere kontzertua izan zen Okulto eta Mister Fylin taldeekin. Urteurrena ospatzeaz gain, taldeek dituzten konpromezuak aurrera eramateko behar den dirua ere lortu nahi zen. Infantilen bigarren urtekoek eta jubenilek Espainiako txapelketa jokatu ahal izatea eta lehen maila nazionalean ari direnek igoera fasea Elizondon jokatzea. Horretarako 12.000-15.000 euro inguru behar izanen dira enkante batean parte hartzeko. Iaz igoera fasea jokatzeko atarian izan ziren, baina azkenean laugarren geratu eta ametsa zapuztu egin zen. Baina aurten ez da horrelakorik gertatu eta igandean berean Barakaldon Baseti Zuato taldearen aurkako norgehiagokan garaipena eskuratu zuten. Ez zen batere lan xamurra izan liderrak bai zituzten aurrez-aurre. Baina ezina ekinez egina dela dio esaerak eta halaxe gertatu zen igandean. Heldu den larunbatean azken norgehiagoka jokatuko dute Elizondon eta ziur besta handia izanen dela, beti ere igoera fasearen atarian. Baina 2008 urteaz ari gara etengabe, eta aipatu moduan Baztango Kirol Taldea ez zen atzo sortu eta 20 urteko historia laburbiltzea zaila gerta daitekeen arren, saiatuko gara.

Eskubaloia errotua Baztanen

Eskubaloia Baztanen arras errotua dagoen kirola da. Arizkunen Elkartasuna izeneko mutilen taldea sortu zen orain 30 urte pasa. Jubenil mailan aritzen ziren, hortaz, 16-17 urteko gazteak ziren, eta gehienak arizkundarrak ziren. Elizondoko Lanbide Eskolan aritzen ziren, baina taldea eskolatik kanpo eratzea erabaki zuten, herrian berean. Federico Iriarte zen entrenatzailea eta pare bat urtez aritu ziren Club Deportivo Baztanera pasa arte. Hortaz, lehen pausuak mutilek eman zituzten, baina orain 30 urte inguru neska talde bat Fernando Iribarren eta Iñaki Uriarterengana joan ziren nesken talde bat sortzeko gogoa zutelako. Axun Jaimerena, Lorea Sansiñena, Mari Joxe Apezetxea, Pili Gomez…izan ziren lehen gazte horiek. Pentsa, 15 urte inguru zuten eta beraiekin kadete mailako talde bat osatu zen. Hauen ondotik sartu ziren Ana Gartxitorena, Elena Danboriena, Mika Maritorena, Elizabeth Santesteban…Gazte hauek Mugairin ikasten zuten eta hortaz Elizondora joaten ziren entrenatzera. Gauza bitxia kontatu digu orduko entrenatzaile zen Iñaki Uriartek. Beste garaiak bizi ziren orduan eta nahiz eta arauetan galtza motzekin jokatu behar zutela agertu, ordukoek ez zuten nahi izaten eta beti gatazkan ibiltzen ziren arbitroa konbentzitu nahian. Mugimendu handia sortu zen Baztanen eta poliki-poliki gainerako taldeak sortu ziren, kadete, jubenil eta senior mailan. Garai horietan Club Deportivo Baztanek finantzatzen zuen guztia, baina orain 23 urte inguru taldeak aurrekontu falta zuela argudiatuta atera behar izan ziren. 1982-83 denboraldian Nafarroako kadete mailako Kopa irabazi zuten eta hurrengo denboraldian Eusko Jaurlaritzak “Liga Vasca” delakoa sortu zuen Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako taldeekin. Gastuak beregain hartuko zituela hitzeman zuen, baina azkenean ez zen hala izan eta orduan Club Deportivo Baztanek erran zuen gastu handia suposatzen zuela eskubaloi taldeak. Club Deportivo Baztandik atera ziren eskubaloi, pilota, rugbi eta txirrindulari talde guztiak. Taldetik ateratzean, finantzazioa bilatu behar izan zuten beraien kontu, ez baitzen erraza talde guztiak aurrera ateratzea. Formula ezberdinak landu zituzten: zinea antolatu, gaupasak bakarrik egin eta baita Xorroxinekin, barra jarri, pegatinak egin, txapak… Garai horretan oraindik Nafarroako Gobernuak ez zituen Nafarroako Kirol Jolasak antolatzen eta hortaz, partiduak kanpoan jokatzen zirenean gurasoek eraman behar izaten zituzten.

Baztango Kirol Taldearen sorrera

Mutilek orain 20 urte inguru utzi egin zuten, baina neskek beti jarraitu dute maila desberdinetan. Baztango Kirol Taldea sortzeko estatutu eta zuzendaritza batzorde bat eratu behar izan zen. Ordukoak ez zuen oraingoaren itxura eta erabat espontaneoa izan zen aukeraketa. Notarioarengana joan behar ziren paperak sinatzera eta besterik gabe, alabak taldean zituzten guraso batzuengana jo eta hauek osatu zuten lehen zuzendaritza. Lehen presidentea Rosa Alzugarai izan zen eta juntako kideak Genaro Laborra, Izquierdo, Inbuluzketa… Aspaldiko denborak dira, baina hauek egin zuten lanari esker ezagutzen dugu gaur egungo Baztango Kirol Taldea.

Ehun neska mugitzen ditu

Gaur egun 100 neska-emakume mugitzen ditu Baztango Kirol Taldeak eta aste tarte nahiz asteburuetan gustuko duten kirola praktikatzen dute. Nafarroa Iparraldean emakume gehien mugitzen duen taldea da. Gainera, Baztan osoan kirol federatua egiteko aukera bakarra eskaintzen du Baztangok. Baztangok neskek ez dute modu ordenatu batean kirola praktikatzeko bertze aukerarik eta gainera, urteetan jarraipena bermatuz. 2007-2008 denboraldian zazpi taldek osatzen dute Baztango Kirol taldea. Benjamin eta alebin mailakoei dagokienez, 7 eta 10 urte arteko 2 talde daude San Farncisco Jabier ikastetxea eta Baztan ikastolako eskolaz kanpoko jardueren barne eskubaloia ezagutzen. Infantiletan lehen urteko talde bat eta bigarren urteko beste bat daude. Nafarroako Kirol Jolasen barne, Lekaroz izenarekin parte hartzen dute. Kadete mailan talde bat dute. Nafarroako Kirol Jolasetan Baztango Kirol Taldea izenarekin parte hartzen du. Jubenilek Nafarroako Liga eta Kopan parte hartzen dute Baztango Kirol Taldea izenarekin. Jubenil mailako zenbait jokalarik Lehen Maila Nazionaleko taldearekin entrenatzen dute, etorkizunean talde horretara pasatzeko helburuarekin. Talde nagusia edo senior mailako, Lehen Maila Nazionalean aritzen da. 17 jokalarik osatzen dute lehen taldea: -Atezainak; Errumaniako Amaia Sanduta eta Ejea de los Caballeroseko Laura Benavente, Elizondoko Itziar Goienetxe. -Hegalekoak; Elizondoko Itsaso Salaburu, Azpilkuetako Izaskun Danboeriena, Errumaniako Mirela Chirila, Argentinako Cintia Albertini. -Albokoak; Hungariako Anna Maria Felix, Iruñako Irati Berruezo, Errumaniako Ana Maria Buican, Turkmenistango Larisa Shumilova, Elizondoko Ines Laborra eta Noelia Quintanilla. -Zentralak; Hungariako Ildiko Valaczkai, Elcheko Mireia Trigueros, Elizondoko Nerea Gil. -Piboteak Elizondoko Josune Iturzaeta eta Kinga Toth. Nafarroa Iparraldean Lehen Maila Nazionalean parte hartzen duen talde bakarra da Baztango eta Aragoi, Lleida, Bartzelona, Tarragona, Madril, Eltxe, Kanariar nahiz Balear uharteetako beste taldeekin lehiatzen dira. Hauetako talde batzuk amateurrak dira, beste batzuk erdi-profesionalak eta gainerakoak erabat profesionalak. Ametsa errealitate bilakatu da Baztango Kirol taldeko senior mailako jokalarientzat eta apirilaren 18, 19 eta 20an eginen den igoera fasea jokatuko dute. Baina Elizondon eginen ote den heldu den astean jakinen dugu. Zorte on eta ZORIONAK!!!!!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun