Nafarroako Auzitegi Administratiboak baliogabetu egin ditu Baztango Udaleko ordezkarien ordainsariak. Joan den urteko irailaren 3ko plenoan Udalak hautetsien ordainsariak zehaztu zituen, eta batzordeko delegatu izateagatik gehiago kobratzea hitzartu zuten. Agintaldi honetan NaBaik zuzentzen ditu Udaleko batzorde guztiak. Oposizioan dagoen UPN alderdia hasieratik azaldu zen hitzartutakoaren kontra, «erabakia alderdiaren araberakoa izan zela» salatuz. Taldearen izenean Leopoldo Jaen Sobrino UPNko zinegotziak gorako helegitea aurkeztu zuen Nafarroako Auzitegi Administratiboan eta epaileek aintzat hartu dute helegitea. Auzitegiaren ustetan, erabakia «arbitrarioa» da, eta «batzuk gehiago kobratu ahal izatea ez dago justifikatua». Martxoaren 3an eman zuen Auzitegiak erabakiaren berri.
Baztango Udaleko Gobernu Batzordeak, bere aldetik, helegite kontentzioso-administratiboa paratuko duela iragarri du eta bere jarrera «gogor» defendituko duela.