Ortziralean, martxoak 28, Udaberriko Feria egin da Elizondon, eta aitzineko egunetako eguraldi kaskarra alde batera utzi eta jende andana hurbildu da. Garai batean udaberrian eta udazkenean ez ezik, larunbatetan ere feria egiten zen merkatu eguna izendatuz. Denborarekin udaberrikoa galdu zen eta zer erranik ez larunbatekoei buruz. Baina Udalak eta Cederna-Garalur elkarteak egindako esfortzuari esker, berriz ere antolatzea lortu zen. Ez du udazkenekoarekin inolako zerikusirik, baina aitzakia polita izaten da Aste Santu ondoko ostiralean lagun artean egun pasa eder bat pasa bidenabar, inguruko artisau eta ekoizleek egiten dutena ikusi eta erosteko.
Merkatu Plazan azienda gutxi ikus ahal izan da, ziuraski azkeneko egunetan eguraldiak erakutsi duen kaxkarraldiaren ondorioz. Eguneko, ikusmina, ahari lehiaketak sortu du. Guztira 26 ahari aurkeztu dira, sei buru gorri eta sei beltz eta inguratutakoek kopuruan ez ezik, ahariek kalitatean ere goiti egin dutela nabarmendu dute. Epaimahaiak honela banatu ditu sariak:
Buru gorriak:
1.- Mercedes Erregerena, Erratzuko Uhaldea baserrikoa. 75 euro eta kaikua.
2.- Felisa Ugarte, Arraiozko Indakoa baserrikoa. 50 euro.
3.- Sagrario Urroz, Arraiozkoa. 30 euro.
Buru beltzak:
1.- Miguel Maritorena, Iruritako Gernoxar baserrikoa. 72 euro eta kaikua.
2.- Norberto Agerre, Almandozko Etxotokoa. 50 euro.
3.- Soledad Iturbide, Erratzuko Xixpernekoa. 30 euro.
Merkatuko Plazako Gorapeetan, berriz, artisauak eta ekoizleak. Denetarik ikusi ahal izan da, erosleen gusturako. Larrua, zilarra, forja, kaikuak, goilarak, likoreak…baita Lekaroz institutuko 4. mailako ikasleek ikasbidaia egin ahal izateko atera duten materiala, Erdiz Bizirik plataformarena… Postuen eta jendearen tartean Jabier Larralde txistulariak eta Juan Miguel Iriarte atabalariak giroa alaitu dute eta tarteetan txalaparta entzuteko aukera ere izan da. Baina ziur aski ekoizleen artean nagusi gasna izan da.
Eguerdian artisau, ekoizle eta ahari lehiaketan parte hartu dutenek elkarrekin bazkaria egin dute Santxotena jatetxean eta arratsaldean feriak segida izan du.