Baztango Udalak eta Urdazubi eta Baztango Santiago Bideko Lagunen Elkarteak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute. Martxoaren 27an, ortzegun eguerdian sinatu dute Baztango Udaletxeko Ganbaran eta akordio horren bitartez, Udalak Berroetako Eskola zaharrean egokitutako aterpea Urdazubi eta Baztango Santiago Bideko Lagunen Elkarteari utziko dio datozen 20 urteetarako, erromesei babesa ematearren. Baztango Udalaren izenean Virginia Aleman alkateak sinatu zuen hitzarmena eta elkartearen izenean Pepe Fernandez d’Arlas lehendakariak. Izaskun Abril, Cederna-Garalur erakundeko teknikaria ere sinadura ekitaldian izan da eta berak eman du hitzarmena sinatu ahal izateko emandako urratsen berri. “Lan dinamika batetik sortzen da hitzarmen hau. Urte batzuk daramagu elkarlanean Baztango Udala eta Urdazubi eta Baztango Santiago Bideko Lagunen elkartea. Orain arte Amaiurren eta Urdazubin egin dira aterpeak eta orain Berroetan izanen da eskaintza hori. Eskolaren zati bat Berroetako herriarentzat geldituko da eta bertzea Elkarteak kudeatuko du erromesendako’.
Bide zaharrenetako bat
Erromesek ez ezik, turistek eta kultur arloan ari direnek ere aterpea erabiltzeko aukera izanen dutela aipatu du Cedernako teknikariak. Pepe Fernandez D’Arlas, Urdazubi eta Baztango Santiago Bideko Lagunen Elkarteko presidenteak, bere aldetik, bide hau zaharrenetako bat dela jakinarazi du eta Baztango Udalak nahiz Cedernak hau berreskuratzen egiten ari diren lana azpimarratu nahi izan du. Honela, bide inguruan dagoen ondarea berreskuratzen ere aritu dira urteotan, kisulabeak, zubiak, itturri zaharrak, ikuztegiak… Galtzada bera zaharberritu da Urrasun, Amaiur eta Arizkunen.
Berroetako Santiago ermita ere zaharberritu dute
Virginia Aleman, Baztango alkateak aipatu duenez, udalaren asmoa da Santiago Bidea berreskuratzen segitzea eta horretan lanean segituko dutela aipatu du: Berroetan, aterpea egokitu ez ezik, Santiago ermita ere zaharberritu ondotik aurten berriz ere inauguratzeko asmoa dutela gogorarazi du Pepe Fernandez D’Arlasek.