Baztango Kirol Taldeak 20. urteurrena ospatuko du larunbatean

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 27a

Talde nagusiak igoera fasea Elizondon jokatzeko asmoa du

Ez bat gehiago eta ez bat guttiago. 20 urte bete ditu aurten eskubaloian jokatzen BKT Baztango Kirol Taldeak. Horren harira, besta eguna antolatu dute larunbat honetarako, martxoaren 29rako. Elizondoko Lur dantzalekuan izanen dira ekitaldiak eta adin guztietako jendeak izanen du gozatzeko aukera. BKT, Lur eta definde.com dira egunaren antolatzaileak. Arratsaldean umeentzako Marsel magoa izanen da eta ilunabarrean gaztetxoendako diskoteka ligth. Gauez, kontzertuak izanen dira Mister Fylyng eta Okulto taldeekin, eta ondotik diskoteka.

Talde nagusiaren igoera fasea Elizondon jokatzeko asmoa

Egun horretan biltzen den diruarekin Baztango Kirol Taldeko infantilak eta gaztetxoak Espainiako txapelketa jokatzera joanen dira, euren ligatan bigarrenak gelditu baitira. Eta bertzetik, lehen mailako emakumeen talde nagusiak Ohorezko Mailako igoera fasean sartzea lortzen badu, igoera fasea Elizondon jokatzeko erabiliko da diru hori. Igoerako partida non jokatu enkantearen bitartez erabakitzen da, eta eskaintza 12.000 eurotan hasten da.

Lau puntutik bakarra aski du

Igoera fase horretan sartzeko helburua hurbil du BKT talde nagusiak. Izan ere, hasierako fasea akitzeko bi partida bakarrik falta dira eta lau puntuetatik bakarra eskuratzea nahiko dute Joxe Iturzaetak entrenatzen dituen neskek. Halere, hurbil izanagatik, ez da erraza izanen. Igande eguerdi honetan, Barakaldon, Baseti Zuazo liderraren kontra ariko dira eta azken jardunaldian, laugarren postuan dagoen Etxabarriko Kukullaga taldea hartuko dute Elizondoko kiroldegian. Beraz, bizkaitarren kontra lehia izanen du azken bi partidetan Baztango Kirol Taldeak. Igande honetan puntua lortu eta helburua betetzen badu, besta handi bat izanen da hurrengo asteburuko hondar partida. Lortzen ez badu berriz, tentsio gehiagoko partida izanen da eta zaleen laguntza eta bultzada nahitaezkoa izanen dute igoera fasean sartzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun