Baztan Rugby taldeak antolatzen duen gaupasa apirilaren 12an izanen da Larraintzarren, Ultzaman. Izan ere, Baztan Rugby Taldean, baztandarrak eta ttipi-ttapak hartzen duen eskualdeko jokalariak ez ezik, Ultzama aldekoak ere aunitz dira. Hortaz, aurten ere Larraintzarko frontoia aukeratu dute besta antolatzeko.
Aitzinetik zikiro-afaria
Baina Baztan Rugby Taldearena ez da ohiko gaupasa bakarrik. Izan ere, aitzinetik, gaueko 21:30ak aldera, zikiro afaria izaten da eta ondotik, kantu zaharrak eta bertzelako sorpresak izaten dira. Gauerdiko 12:30etatik aitzinera gaupasa izanen da Jalisko Band taldearekin eta goizaldera, Lur Djotak ariko dira, Lur dantzalekuaren laguntzarekin.
Txartelak salgai
Zikiro-jaterako txartelak dagoeneko salgai daude apirilaren 9a arte Baztanen, Intza, Futbolin eta Goizalde ostatuetan eta Ultzaman, Eltzaburuko Ostatuan, Autzako osatatuan eta Orgi jatetxean. Aipatzekoa da 380 txartel saltzen direla zikiro-afarirako, baina lehenbailehen erostea komeni da, urtero jendea afaltzera ezin joanez gelditzen baita. Dena den, afarira ez joanda ere, gero giro ederra izanen da, juerga eta besta giroa ziurtatua daudela aipatzen baitute Baztan Rugby Taldetik.