Udaberriko Feria eginen dute ortziralean Elizondon

TTIPI TTAPA 2008ko martxoaren 25a

Baztango X. Ahari lehiaketa ere eginen da

Baztango Udaberriko Feria eginen da ortziral honetan, martxoaren 28an, Elizondon. Goizeko 10etan azienda feria izanen da Merkatuko Plazan, baita ahari lehiaketa ere.

X. Ahari lehiaketa

Aipatzekoa da ahari lehiaketak hamargarren edizioa beteko duela aurten eta beti bezala, latxa arrazako Baztango ahariek parte hartzen ahal dute. Artzai bakoitzak nahi duen adina ahari aurkez dezake eta ez da inskripzio kuotarik kobratuko. Epaimahaiak onartu edo gibelera botatzea erabakiko du, eta honen aurka ez da inolako errekurtsorik egiten ahal. Epaimahaiko lehendakaria, hain zuzen, Baztango alkatea izanen da edo, honek ezin badu, Baztango udaleko ordezkari bat. Honetaz gain, tekniko, albaitero, nekazari eta bertze adituez osatuko da eta bere erabakia gibelera bota ezina izanen da. Sariei dagokienez, sei sari emanen dira, hiru mutur gorriendako eta bertze hiru mutur beltzendako. Bi kasuetan saria berdina izanen da: Lehenengo saira kaiku bat eta 75 euro; bigarren saria 50 euro eta hirugarren saria 30 euro. Sari banaketa eguerdiko ordubata terdietan eginen da Merkatuko Plazan eta aipatzekoa da ahari buruak aurkezten dituzten baserritarrei bazkarian parte hartzeko gonbidapena luzatuko zaiela.

Bertako produktuen feria

Baina azienda feria eta ahari lehiaketa ez da izanen ortziralean Elizondon izanen den ikusgarri bakarra. Goizeko 10etatik ordubata terdietara, bertako produktuen feria eginen da Foruen Plazan. Gasna eta esnekiak lantzen dituzten produzitzaileen artean, Arizkungo Baztan eta Baztandarra, Elizondoko Etxetxipia, Anizko Jauregia eta Amaiurko Mendialde izanen dira. Fruitu eta edari ekoizleen artean, Arizkungo Licores Baztan eta Larraldea sagardotegia izanen dira; Almandozko Beola eta Amaiurgo Bittor Jauregi izanen dira kontserba egileen ordezkari eta gainera, Zubietako Joxepa Loiarteren taloak, Elizondoko Malkorra txokolateak eta Elbeteko Javi eta Emmaren eztia dastatzeko aukera ere izanen da. Artisauek ere bere eskulanak ikusgai eta salgai jarriko dituzte. Egurra lantzen duten Santiago Oteiza, Jose Mendiguren eta Fulgencio Oteiza, zilarra lantzen duten Aitor Gisasola eta Nagore Intxausti, larrua lantzen duen Inma, pomadak egiten dituzten Julio eta Ana eta forja lanak egiten dituen Pedro Zapata izanen dira Foruen Plazan.

Ekitaldi aunitz

Merkatu Plazara bueltatuz, goizeko 11etan bildots erretze erakustaldia eginen da eta ordu berean txistulariek emanaldia eskainiko dute. Eguerdiko 12etan txalaparta emanaldia izanen da, 12:30ean baztan-zopen dastatzea eta aipatu bezala, ordubata terdian, sari banaketa eginen da Merkatuko Plazan. Dena den, arratsaldean ere segida izanen du Udaberriko Feria honek Elizondon. Arratsaldeko 5etatik 7etara, berriz ere bertako produktuen feria ikusi edo goizean ikusitako produkturen bat erosteko aukera izanen da eta arratsaldeko 7etatik 9etara dantzaldia izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun