Iruñerrian okupazioarengatik atxilotutakoen asanbladak egindako “Piztera” bideoa aurkeztuko dute larunbat honetan, martxoaren 15ean, arratsaldeko 7etatik aitzinera Elizondoko Gaztetxean, Elizondoko Gaztetxeak berak eta Lesakako Gazte Asanbladak antolatutako Gazte Eguneko ekitaldien barrenean. Ondotik, okupazio mugimenduaren errepresio egoerari buruzko solasaldia eskainiko dute.
37 minutuko bideoa
Iruñerria Piztera goaz izenburupean 37 minutuko bideoan, joan den urteko maiatzean, Iruñean egin zituzten ekimenak ageri dira. Bertzeak bertze, bi urte terdiko kartzela zigorra betetzen ari den Xabier Errearen alde eta gaztetxeei errespetua eskatzen zuten. Honela, Asanbladakoek egin zituzten ekimenak eta Nabarreriako jauregiaren okupazio eta desalojoko irudiekin osatu da ikusentzunekoa.
Errepresioa salatzeko
Salgai jarri den DVDko bertze zati batzuetan, okupazio mugimenduaren azken urteetako gorabeherak ikusgai dira, 1985etik hasi eta Euskal Jai frontoia desalojatu eta suntsitu zutenetik pasatuz, gaurko egunera arte. Izan ere, “Iruñerria piztera goaz” kanpaina aurkezteaz gain, Euskal Jai desalojatu zutenetik jasaten ari diren errepresioa ere salatu nahi dute Asanbladako kideek. Aipatu bezala, Xabier Errea kartzelan dago, bertze 20 lagunei kartzela zigorrak ezarri dizkiete, 24 gaztetxe hustuarazi dituzte Iruñerrian azken hiru urteetan eta 200 gazte baino gehiago epaitegitik pasatu behar izan dute. Grua batera lotzegatik lau urteko kartzela zigorra edo eserialdi baketsu batean parte hartzeagatik bi urte terdiko gartzela zigorrak eskatzen dizkiete. Honen aitzinean, Iruñerrian beti okupatu dela eta okupatzen segituko dutela aipatu digute Iruñerrian okupazioarengatik atxilotutakoen asanbladako kideek.
Beran eta Lesakan
Elizondoko aurpezpenaren ondotik, “Piztera” bideoa apiril aldera Beran eta Lesakan aurkezteko asmoa du Iruñerrian okupazioarengatik atxilotutakoen asanbladak.