Martxoaren 8 eta 9an Elizondoko frontoian Bertan merkatari eta ostalarien elkarteak antolatutako 2. stock feria egin da. Larunbatean arratsaldeko 15etan ateak zabaldu zituzten eta etengabe jendea sartzen aritu zen, eta ez bakarrik ikusteko, aunitzek, dendek eskaintzen zituzten prezio paregabeak aprobetxatzeko baliatu baitzuten.
Hogei komertzio
Hogei izan ziren parte hartzaileak, baina denek ez zuten modu beran parte hartu. Batzuk beraien denda eta establezimenduetan zuten stokajea atera zuten, besteek produktuak promozioan jarri zituzten eta baziren ere deskontuak jartzea erabaki zutenak ere. Dena den batzuk aktiboki eta besteek pasiboki atera zuten beraien erakusleihoa. Zenbaitzuk dendaren izena agertzen duen txartela eta dendako produktuak jarri zituzten erakusgai, beraien presentzirik gabe, baina gehienek bertan egon nahi izan zuten eta saltzeaz gain, bezero berriak egiteko sistema egokia dela erakutsi nahi izan zuten.
Frontoiaren itxuraldaketa
Frontoiak erabateko itxuraladaketa erakusten zuen eta alde guztiak bete zituzten, hori bai, ostatuari tarte bat eginez. Jendeak salda bero bat edo pintxo bat hartzeko aukera ez zuen bazterrean utzi, eguraldi hotz eta narratsari aurre egiteko sistema egokia baitzen. Eta ferian zeuden dendariek atsedenalditxo bat hartzeko ere aprobetxatu zuten. Azken finean, bertan giroa sortzea zen helburua eta nik uste lortu zutela, bisitariek kanpoan autoa utzi eta erosi bezain laster alde egiten zuen, herrian sobera pausatu gabe. Igandean goizeko 11etarako jendea ateak noiz zabalduko zain zegoen eta berehala norberak gustuko zuen dendara joateko joera izan zuen. Sarrera debalde zen eta bertan zeuden haur batzuk sartzen zen jendea zenbatzen zuten. Mota guztietako artikuluak erosteko aukera bazen: liburuak, eskolako materiala, estetika produktuak, arropa, gozoak, aterkiak, barruko arropa, bitxiak, bufandak, eskularruak, erlojuak, lurrinak, haurren siletak, oinetakoak...Zaila zen aukeraketa eta jendea harat eta hona zebilen boltsak eskuan zituela.
Haurrendako txokoa
Frontoiaren erdiko aldean mahai luze bat jarri zuten haurrek bertan margotu edo lagunekin egon ahal izateko, eta horrela, gurasoek aisago erosketak egin ahal izateko. Komertzio batzuk aski ezagunak dira denontzat, baina baziren beste batzuk ateak zabaldu berri dituztenak eta modu honetan, herritarrei ez ezik, hurbildutako guztiei ezagutzera emateko aukera izan zuten.