Ez bat gehiago eta ez bat guttiago. 20 urte bete ditu aurten BKT Baztango Kirol Taldeak. Horren harira, besta eguna antolatu dute martxoaren 29rako. Elizondoko Lur dantzalekuan izanen dira ekitaldiak eta adin guztietako jendeak izanen du gozatzeko aukera. BKT, Lur eta definde.com dira egunaren antolatzaileak.
Arratsaldean umeentzako pailazoak izanen dira eta ilunabarrean gaztetxoendako diskoteka ligth. Gauez kontzertuak izanen dira Mister Fylyng eta Okulto taldeekin, eta ondotik diskoteka.
Egun horretan biltzen den diruarekin BKTko infantilak eta gaztetxoak Espainiako txapelketa jokatzera joanen dira, euren ligatan bigarrenak gelditu baitira. Eta bertzetik, lehen mailako taldeak Ohorezko Mailako igoera fasean sartzea lortzen badu, igoera fasea Elizondon jokatzeko erabiliko da diru hori. Igoerako partida non jokatu enkantearen bitartez erabakitzen da, eta eskaintza 12.000 eurotan hasten da.