Magnaren harrobiari buruz

TTIPI TTAPA 2008ko mar. 7a, 12:43

Magnak Erdizko harrobia irekitzeko proiektuari azkenean uko egin behar izan diola-eta, nahi nuke, nere izenean, prozesu honetan parte hartu duten zenbait eragileri nere zorionak eman: -Erdiz Bizirik plataformaren barnetik, Baztango Kirol Taldearen kontra kanpaina egin dutenei, eta zonaldeko komunikabideak eta Baztango Udaleko zinegotziren bat anonimoki mehatxatu dituztenei. -Magnaren harrobia kondenatu, baina gainerako harrobiak onartu (nahiz eta harrobi hauek inongo kontrasprestaziorik ez eskaini) egiten dituztenen koherentziari, honen barne, bertze harrobietako eta lotutako gremioetako langile batzuena. -Landa- etxeak oporretan betetzen direnean, Baztan ongi dagoela erraten duten irudikorrei eta Baztan postal bat izan behar duela exijitu, baina gero eta zerbitzu gehiago eta hobeagoak eskatzen dituzten ameslariei . -Egunero baztandar gazte aunitz lan egitera kanpora atera behar dutela eta batzuk errepidean gelditu direla ahantzi egiten dutenei. -Baztandarrendako sortuko liratekeen lanpostuak ezeztatzen dituztenei. -Erdizen dagoen aziendaren nagusi gehienak bertze lan batetik bizi direla atzendu egin zaienei. -Harrobia irekitzeak 20 urtez urtero ekarriko lituzkeen 90 milloi euroek Baztango Aurrekontu Orokorrean sortuko lituzketen eraginak kalkulatu nahi ez dituztenei. -Harrobiaren kontrako manifetan Baztandik kanpoko jende dezente bazela aipatzen ez dutenei, egun horietan antolatutako zenbait ekitalditara etorri zirenak. -«Astokeriari», harrobiaren kontra egoteko ezinhobe eta sakonki azaltzen duen argudio teknikoa. -Karguak eta soldatak behartuta, Magnaren proiektua baloratu eta Baztanendako onuragarria den ala ez erabaki behar zutenei, nahiago izan dutelako Erdiz Biziriken presio latzak planteatu dien arazo politikoari irtenbide bat bilatzea. -Konprometitu gabe eta bere etekin elektorala bilatuz, isilik egon nahiago izan dutenei. -Bere ideiak defendatzera baino, tentsio giroa sortzera eta bertze erara pensatzen dutenak presionatzera ekin diotenei. Presio hori «harrobiaren aitzinean bailaran dagoen kezkaz» mozorratu dutelarik, modu horretan, harrobiaren alde inor ez dagoenaren itxura bilatuz. -Barnean dugun «ttuku ttuku» horri, batek, mila sinadura baino gutiago gibelean dituelarik, zazpi mila baztandarren izenean hitz egiten duenean paso egitera eramaten gaituelakoz. Guztiei, zorionak, nahi zenutena lortu baituzue.

Joxe Iturzaeta Elizondo

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun